Bezperako eztabaida luzearen ostean, atzo, Nafarroaren egoerari buruzko politika orokorreko azken saioak balio izan zuen ikusteko zein den talde bakoitzaren posizio politikoa. Guztira, 22 adierazpen aurkeztu zituzten, eta horietatik hamabi onartu ziren; bi, aho batez. Bata, Ahal Dugu-rena, animalien babeserako iazko legea garatzeko eskatzen duena. Bestean, talde guztiek bat egin zuten zerbitzu publikoak indartzeko beharra adierazterakoan: gobernuari dei egin zioten administrazio publikoaren digitalizazioan urratsak egitera, osasungintzan lehen arretan baliabide gehiago jartzera, hezkuntzan COVID-19aren pandemian klase presentzialen apustuari eustera...
Hori errealitatera eramateko finantzaketaren eztabaida heldu zenean, Navarra Sumak zerga politika «erakargarria» aldarrikatu zuen; EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k, berriz, diru sarrera gehiago eragingo dituen zerga erreforma babestu zuten, batik bat ondare eta sozietate zergetan. Norabide bateko zein besteko proposamenak atzera bota zituzten, PSNk kontra bozkatu zuelako bi kasuetan.
Geroa Baik aurkeztutako bi testuek talka egin zuten sozialistekin. Lehenengoan, proposatu zuen euskarazko komunikabideen digitalizazioa bultzatzea, administrazioan nahikoa postu elebidun bermatzea eta lan deialdietan euskara meritu gisa hartzea. PSNk eta Navarra Sumak kontra bozkatu zuten. Bigarrengoan, klima aldaketaren legea lehenbailehen aurkeztera dei egin zioten gobernuari, eta talde guztiek bat egin zuten, PSNk izan ezik.
PSNk aurkeztutako ebazpenetako batean, bat egin zuten Navarra Sumak eta Geroa Baik. Adibidez, Nafarroaren garapenerako proiektu giltzarri gisa identifikatu dituzte Nafarroako Ubidea, AHTa eta Lizarrerriko 400 MWeko argindar linea.
Navarra Sumak aurkeztutako ebazpenean, dei egiten zaio gobernuari COVID-19ari aurre egiteko test gehiago egitera, aztarnarien lana indartzera eta sentsibilizazio kanpaina egitera. EH Bilduk alde bozkatu zuen; aitzitik, koalizio abertzaleak tankera bereko proposamena egitean, Navarra Sumak kontra egin zuen. Lan erreforma eta 2012ko finantza egonkortasunaren legea indargabetzeko Ezkerraren eskaera ere aurrera atera zen.
Parlamentuak ohartarazi du zerbitzu publikoak sendotu egin behar direla
PSNk eta Navarra Sumak lan deialdietan euskara meritu gisa hartzearen aurka bozkatu dute, eta azpiegitura handien aldeko apustua berretsi

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu