Parlamentuko hiru batzordetatik kendu du Aralarrek Aierdi jeltzalea

Aralarrek dio Iruñeko udal taldean NaBaiko beste kideek hartutako erabakiak konfiantza galtzea eragin duela eta horren ondorio delaErabakia «oso gogorra» dela dio Aierdik, eta ez du baztertzen parlamentu taldea uztea

NaBai 2011 koalizioak bozetarako hautagaitzak aurkeztu zitueneko prentsaurrekoa, iazko otsailean. IÑIGO URIZ / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hamaikagarren krisia piztu da NaBai koalizioan. Aste hasieran Iruñeko udal taldetik Aralarreko Aritz Romeo eta Ana Barrena zinegotziak aterarazteko NaBai koalizioko beste kideek egindako mugimendua «eraso larritzat» jo zuen Aralarreko zuzendaritzak asteartean, eta Parlamentuan ondorioak izango zituela ohartarazi zuen. Atzo eguerdian, parlamentu taldean gehiengo duen Aralarrek moldaketa berri bat iragarrizuen. Aldaketaren arabera, Manu Aierdik (EAJ) hiru batzordetan —Lehendakaritza, Landa Garapena eta Foru Erregimena— bozeramaile edo alboko eledun izateari utziko dio, eta Kultura batzordera pasatuko da, Patxi Leuzarekin batera.

Aralarrek arrazoitu duenez,Iruñeko udal taldean gertatutakoak «konfiantza galtzea» eragin du, eta ezinezko egiten du Parlamentuko egungo ordezkaritzari eustea. Aralarreko Txentxo Jimenezen arabera, Iruñeko bi zinegotziekin gertatutakoa ez da udal taldera mugatzen. «Sinetsita gaude Geroa Baiko organoetan eztabaidatua eta lotua izan dela». Aralarren arabera, hortaz, parlamentuan ere konfiantza apurtu egin da: «Manu Aierdi ez dugu parlamentu taldetik botako, baina ez dugu onartuko parlamentu taldeko ordezkari izatea», azaldu du Aralarreko ordezkariak.

EAJren Napar Buru Batzarreko presidente Manu Aierdik, erabakiak ustekabean hartu duela esan ostean, neurria «oso gogorra» dela gehitu du. «Parlamentari sentitzen naiz, eta jarraituko dut jendearen arazoetan pentsatzen eta proposamenak besteen aurrean jartzen. Horretarako aukeratu ninduten, eta horrek betetzen nau. Hori argi etagarbi dut», adierazi du. Balorazio sakonago bat egiteko denbora eskatu du, baina ez du baztertzen parlamentu taldea uztea. Datorren astean emango du bere erabakiaren berri.

Zabaleta eta Aierdiren bilera

Aralarrek erabakia hartu aurretik, herenegun eguerdian, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak eta Manu Aierdik bilera bat izan zuten. Txentxo Jimenezen arabera, Aralarren eta EAJren artean «behin betiko irtenbide adostu bat bilatzeko» eskaintza egin zuen Zabaletak bilera horretan, eta egun amaierarako erantzun azkar bat ematea exijitu zuen. Aralarren ikuspuntutik, elkarrizketak bi alderdi horien artean izan behar du, horiek osatzen dutelako koalizioa: «EAJrekin adostu behar dugu nola egokitu NaBai egungo errealitatera, behin betiko gizartearen aurrean azaltzeko eta hor diren bi sentsibilitateek bide propioa hartzeko. Ez du zentzurik egungo egoeran jarraitzeak».

Aierdiren arabera, ondorio horretan bat dator Aralarrekin, nahiz eta arrazoietan ados egon ez. Bileran, Aierdik Zabaletari azaldu zion gai garrantzitsua denez denbora behar zuela. Haren esanetan, Zabaletak erantzun zion ez zuela denborarik. Aierdiren ustez, koalizioa «dibortzio baten aurrean dago», eta hori aurrera eraman behar da. «Etorkizunera begiratu behar da; alde batetik, EH Bildu bere proiektuarekin, eta, bestetik, Geroa Bai berearekin. Agian, biok etorkizunean gure harremanak izango ditugu, eta zaindu egin behar ditugu».

Egiazki, barnekrisia euskal politikagintzak azken bi urtetan izan duen bilakaeraren ondorio ere bada. NaBai 2011 koalizioaren hitzarmena, maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira hitzartu zuten iazko urtarrilean. Akordioa legealdi oso baterako izan arren, Aralarrek hauteskunde orokorretan Amaiurrekin aurkezteko erabakiak hautsak harrotu zituen beste kideen artean. Aralarrek argi utzi zuen NaBairekin konpromisoa betetzeko asmoa zuela. NaBaiko independenteetako asko, berriz, Zabaltzen taldean elkartu ziren, eta EAJrekin batera Geroa Bai koalizioa osatu zuten boz horietarako.

Ia urtebete pasatu da geroztik, eta arazoak batez ere azken asteetan azaleratu dira. Alde bakoitzak egoeraren gaineko irakurketa desberdina egiten du. Batetik, Uxue Barkos Iruñeko eledunaren arabera, EH Bildurekin elkartzeko Aralarren hautu estrategikoa da gakoa. Zilegitzat jo arren, bere ustez azken astetan etengabeko probokazioak egin ditu Aralarrek. Manu Aierdik beste modu grafiko batean azaldu du. «Aralarrek beste bikotekide bat aukeratu duenetik hasi dira arazoak».

Bestetik, Aralarrek arrazoitzen duenez, Geroa Bai osatzen duten eta NaBai barruan diren beste bazkideek bilakaera ideologiko bat izan dute, eta Aralarrentzat egoera jasanezinaizatera heldu da. Batez ere ingurumen arloko gaietan nabaritu da bilakaera: Arantzadiko baratzeak kentzea, AHT eta Olatzagutiko Portlanden zaborra erretzearen alde agertzea, Zilbetiko eta Eugiko harrobien alde izatea... Aralarren ustez, jarrera politiko horiek kontraesanean dira NaBairen 2007ko proposamenekin.

Tentsioen lehen zantzuak abuztu amaieran agertu ziren. Parlamentuak batzorde kopurua murriztu zuenez, eledun karguak gutxitu egin ziren talde barruan, eta moldaketa hartaz kexatu ziren EAJ eta Zabaltzen.

Alabaina, tentsio gehien Iruñeko udal taldeko erabakiak eragin du. Aritz Romeo eta Ana Barrenari udal taldeak duen bi bulegoetako bat eman zaie. Era berean, bietako bati eskatu zaio liberatu izateari uzteko eta, hortaz, soldatetako bat udal taldearen esku uzteko —NaBaiko beste liberatua Itziar Gomez da—. Erabaki hori «erasotzat» jo du Aralarrek, eta bi zinegotziek taldea utzi egin dute. Barkosek arrazoitu duenez, moldaketa bat izan da, eta haustura «Aralarrek erabaki du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.