euskal presoak

'Parot doktrina' amaitzeko asmoz, 'Herritarron epaia' egingo dute

Herrira-k antolatutako ekintza 80 herritara helduko da. Herritarrek txosten batean doktrina amaitzeko eskaera egingo dute. Eta ondoren, herri guztietatik pasatu ostean, Europako erakundeei eta nazioarteko hedabideei helaraziko diete.

2013ko maiatzaren 31
16:43
Entzun

Herrira mugimenduak, Parot doktrina desagertzeko asmoz, Herritarron epaia izenpean Euskal Herri osoan ekintza bera egingo duela jakinarazi du. Herritarrek Europako erakundeei eta nazioarteko hedabideei zuzendutako testu bat idatziko dute, euren nahia azalduz. Ekintza ibiltaria izango da, eta Euskal Herria zeharkatuko du. "Epai handi hau gizartearen borondatearen testigantza izanen da, herriz herri adierazia eta Europako erakundeei eta nazioarteko komunitateari zuzendua".

Testuaren lehenengo orriak Tafallan idatziko dituzte, Udaletxe plazan ekainaren 8an eguerdian egingo duten ekitaldi batean. Handik, beste 80 herritara joango da testua, eta herri horietan nahi dutena gaineratuko dute. Azken geltokia Iruñeko Anaitasuna pabiloia izango da, irailaren 14an. Bertan, epaiaren azken orriak idatziko dituzte, eta, ondoren, Europako erakundeei helarazi.

Ines del Rio euskal presoaren kasua ekarri dute gogora ekintzaren aurkezpenean. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren esku dago egun erabakia. Baina Herrira-k nabarmendu du epaia "emanda" dagoela, Estrasburgok 2012ko uztailean esan zuelako Del Riok kalean behar zuela. Eremu sozialean ere euskal gizarteak behin eta berriz giza eskubideen errespetua eta salbuespen neurrien bukaera eskatu duela aldarrikatu dute. Ez dute ebazpenaren zain egoteko "asmorik". Horregatik, martxan jarriko dute ekintza. "Guztion artean mezu argia bidali behar diegu Frantziako zein Espainiako estatuei, baita nazioarteko komunitateari ere: konponbidearen alde egiteko garaia da; eman diezaiogun aukera bat bakeari".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.