Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrina gisara ezagutzen den 197/2006 epaiarenkontra emandako ebazpena gauzak aldarazten ari da, Espainiako Gobernua epai horrek ez duela ezer aldatuko adierazi arren. Londresek azalpenak eskatu dizkio Espainiari, Antton Troitiñoren auziaren harira, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ere bilera berezia egingo du ebazpenaren inguruan zein jarrera hartu erabakitzeko. Hain justu, auzitegi horrek aplikatzen du Parot doktrina, eta gero Gorenak zein Konstituzionalak berretsi izan dute, kasu gehienetan. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak joan zen astean adierazi zuen doktrina hori aplikatuta presoen oinarrizko eskubideak urratzen ari dela Espainia. Besteak beste, askatasunerako eskubidea.
Berri agentziek iturri juridikoei erreferentzia eginez zabaldu dutenez, Auzitegi Nazionaleko epaile guztiek bilera egingo dute irailaren 20an, Estrasburgok Ines del Rioren alde eta Parot doktrinaren kontra kaleratutako epaia aztertzeko. Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpena jaso orduko, presoa aske uzteko eskaera aurkeztu zuen Amaia Izko abokatuak Auzitegi Nazionalean. Aurreneko Salari zegokion gaia, baina erabakia 18 epailek osatzen duten osoko bilkurak hartzea hobetsi dute.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza Del Rio preso mantentzearen alde azaldu zen, Estrasburgoren epaia ez dela irmoa argudiatuta.
Estrasburgoko Auzitegiak ebazpenean dio «1973ko Zigor Kodearen arabera zigortutako presoen espetxe onurei balioa kendu» diela Espainiak aplikatzen duen doktrinak. 1973ko Zigor Kodearekin zigortu zuten Del Rio, baina 1995eko kodearen ondorengo «bira jurisdikzionala» —2006tik aurrera aplikatu zutena— ezarri ziotela, eta hori ez dagoela egiterik. Aurrerago, honako hau dio: «Tribunalak azpimarratzen du, auzitegi nazionalek ezin dituztela delitua egin osteko lege aldaketak aplikatu, atzerako eraginez eta pertsonen kalterako direnean». Onerako direnean bakarrik aplika daitezke. Hori bakarrik ez, honako hau era badio: «7. artikuluak debekatu egiten du zigor legeen interpretazio zabala egitea, auzipetuaren kalterako baldin bada. Gorenaren interpretazio berriak atzerako eraginez luzatu du zigorra, lana egiteagatik emandako espetxe onura kendu egin ziotelako».
'Parot doktrinaren' kontrako epaiarekin zer egin aztertuko du Auzitegi Nazionalak
Osoko bilkura egingo dute epaileek irailaren 20an, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia aztertzekoInes del Rioren defentsak Auzitegi Nazionalean eskatu du presoa aske uzteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu