komuNIKAZIOA

Partal: "Hedabideek ezinbestekoa dute komunitatearen zentzuaz jabetu eta ohartaraztea"

Vicent Partal 'Vilaweb' webguneko arduradunak Andoainen hitzaldia eman du, Martin Ugalde kultur parkean: 'Komunitatea eta parte hartzea: egunkaria eta prensa berriz asmatzen'.

2012ko maiatzaren 24a
15:59
Entzun

Vicent Partal Vilaweb Kataluniako webguneko arduradunak komunitatea dela komunikabideen eredu berriaren funtsa azpimarratu du; "gizartea hedabideek duten helburu eta garrantzia sozialaz ohartarazi behar da, eta komunitateari azaldu beharrezkoa dela haren balio sozialak zabaltzen dituen hedabideari babesa erakustea; ez produktuak erosiz, baizik eta proiektuan parte hartuz". 

Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean Kazetaritza eta hedabideak berriz asmatzen hitzaldi zikloko azken saioa izan da gaur, Vilaweb Kataluniako webguneko arduradunaren hitzaldiarekin: Komunitatea eta parte hartzea: egunkaria eta prensa berriz asmatzen

Hitzaldia galdera funtsezko batekin hasi du Partalek: zer da egunkari bat? Bost elementuk definitzen dute egunkaria, haren esanetan: organizazio batek, talde profesional batek, irakurleek, marka batek eta inguru sozial batek.

Komunitatea da bihotza

Partalek nabarmendu du hedabideetako enpresek betekizun sozial ezinbestekoa dutela oinarri, "helburu ekonomikoak bakarrik badira zutabeak, desagertu da kazetaritzaren esentzia". Gaineratu du betekizun sozial horren muina komunitatea dela, komunitateak gorpuzten duelako betekizun sozial hori eta, beraz, "aipatutako bost elementuetan moldaketa bat egin daiteke, funtzio soziala komunitateagatik ordezkatuz". 

Haren iritzian, "hedabideek ezinbestekoa dute komunitatearen zentzuaz jabetu eta ohartaraztea". Kazetariek eginbeharreko apustua komunitatea fokatu eta zerbitzu ona ematea da, uste duenez. 

Ordainketa sistemaren etorkizuna ere komunitatearen eta erantzunkizun sozialaz jabetzearekin dago lotuta, kazetariaren arabera; "irakurleak komunitatearen eta proiektuaren zati egitea da ordainketa eredu zentzuzko bakarra". 

Vilaweb-eko arduradunaren esanetan, eztabaida bat da paperezko egunkariek zentzua duten edo ez, eta beste bat zer den egunkari bat, nola aldatu diren prentsa definitzen duten elementu ezberdinak. Ildo horretan, kontsumo ereduen eraldaketa nabarmendu du; sakelekoen kasua, bereziki. "Pertsonala da eta 24 orduz lotuta gaude, beti gainean daramagulako, eta, gainera, beste komunikazio eredu guztiak biltzen ditu; irratia, telebista eta egunkari tradizionala". Azkeneko hiru horien kontsumoa oso puntuala da: telebista gauean, paperezko egunkaria goiz-goizean eta irratia bereziki autoan.

Etorkizuna asmatuz

Baina norantz doaz mugikorrak? Erantzun gisa, hainbat adibide jarri ditu Partalek. 2014an gailuak nolakoak izango diren imaginatu du TAT enpresak, grafeno materiala erabiliz; gailuak paper hutsa izango dira, nolabait.

Etorkizuneko kaosak kazetaritzaren heriotza iristear deneko kezka zabaltzen du jendartean baina, Partalen iritziz, ikuspuntu berri bat erantsi behar zaio: "Pertsona bakoitzak kiosko bat du poltsikoan". Telebistaren munduan ere aldaketak heldu dira, enpresa eredua goitik behera eraldatuz: Smart TVak prest daude jada; atzetik iristen zen informazioa aurretik sartuko da orain.

Partalek argi utzi du egunero sortzen direla merkatu berriak, eta bertan sakontasunerako lekurik badagoela. Byliner ataria adibide interesgarritzat jarri du: 15-20 orriko liburuxka edo erreportaiak jartzen dituzte egunero euren webgunean; adibidez, metroan irakurtzeko. Beste eredu batzuk: CNN cafe eta halakoak. Espazio publikora irekitako erredakzioak, alegia. Adibidez, erredakzioa kafetegi bilakatuz. Edo Vilaweb-ek egin duen gisa, liburutegi bat bihurtuz. 

Berriro begirada bat hasierako galderara: zer da egunkari bat? Aplikazio multzo bat, ahal bezainbeste pantailatan islatua eta sare sozialetara zuzendua. Hori litzateke, Partalen esanetan, egungo egunkariaren formula. 

Adierazi du hedabide guztiak elkarlanean jardutera behartuta daudela, lehia alboratuz, "nahiz eta kazeta asko ez jabetu". 

Zikloan beste bi hitzaldi izan dira

BERRIA Fundazioak eta Innobasquek antolatu duten Kazetaritza eta hedabideak berriz asmatzen hitzaldi zikloko azken saioa izan da gaurkoa. Apirilaren 26an ekin zioten, Juan Varelaren hitzaldiarekin. Sare sozialen boterea azpimarratu zuen. Maiatzaren 8an, Pablo Mancinik hitz egin zuen; erabiltzaileen balio erantsia nabarmendu zuen.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko departamenduak ere lagundu du zikloa antolatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.