Parte hartze apalagoa, baina sarea hedatzen

Aurreko galdeketa olatuetan baino parte hartze datu apalagoa izan du gaurkoak. Batez beste, boza emateko aukera zuten herritarren %13k bozkatu du. Aurtengo ekainean, maiatzean, apirilean eta martxoan izan diren olatuetan, aldiz, %24 eta %28 arteko parte hartzea izan da. Gure Esku Dago-k nabarmendu duenez, garrantzitsuena ez da bozkatzaileen zenbatekoa, herritarren sareak hedatzen jarraitzen duela baizik.

Gure Esku Dago-ko bi kide, Getxon, Kataluniako erreferendumean erabilitako hautetsontzi batekin. ARITZ LOIOLA, ARGAZKI PRESS
2017ko azaroaren 5a
22:00
Entzun

Hamahiru herri eta 160.800 herritar. Horixe zen gaurko galdeketa olatuaren eragin esparrua. Orotara, 21.027 herritarrek bozkatu dute. Hau da, boza emateko aukera zutenen %13,07ak. Orain arteko datuekin alderatuta, parte hartzearen beherakada agerikoa da.

2017an egin diren galdeketa olatuek hamar puntu baino gehiagoko aldea ateratzen diote gaurko parte hartze datuari. Martxoko olatuan %24,83koa izan zen, apirilekoan %28,25ekoa, maiatzekoan %25,52koa eta ekainean %28koa. Beraz, ez da Katalunia efektua sumatu gaurko emaitzei ikuspegi kualitatibo hutsetik soilik begiratuta.

Ez da hori Gure Esku Dago-k egin duen irakurketa. Zelai Nikolas herritar plataformako bozeramaileak parte hartze datuei baino garrantzia handiagoa aitortu dio herriz herri erabakitzeko eskubidearen aldeko "konplizidade berriak josten" jarraitzeari, eta "behetik gorako sarea" hedatzen segitzeari. "Askotan ez gara ohartzen bizi dugun une garrantzitsuaz". Gure Esku Dago erabakitzeko eskubideaz eztabaidatzeko "kultura berri bat" sortzen ari dela nabarmendu du, "mesfidantzak eta aurreiritziak" gaindituz. Plataforma "lan ikaragarria" egiten ari dela ziurtatu du; "harro egoteko modukoa".

Gipuzkoan eta Bizkaian gaur galdeketak egin dituzten herriek alde handiak izan dituzte parte hartze emaitzetan. Datu apalenak jaso dituzte Leioan (%9,44), Erandion (%10), Getxon (%11,87) eta Galdakaon (%13). Altuenak, berriz, Ibarrangelun (%57,74), Elantxoben (%53,26), Otxandion (%46,98) eta Areatzan (%45,35).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.