ezbeharra

Parteek akordioa lortuta itxi dute Mikel Arzaken heriotzaren auzia

Epaileak zigor arinak ezarri dizkie bi auzipeturi, eta absolbitu egin ditu beste laurak. Biktimaren sendiak eta Donostiako Udala jarri dira ados.

Urgull Donostiako menditik harriak erorita, 2013ko abuztuan, Mikel Arzaken ezbeharraren ondoren. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2020ko martxoaren 2a
17:31
Entzun

Parteen artean akordioa lortuta amaitu da Mikel Arzak donostiar gaztearen heriotzari buruzko auzi judiziala. Epaileak lau lagun absolbitu ditu, eta zigor arinak ezarri dizkie beste bi auzipetuei. Donostiako Epaitegian bertan jarri dira ados parteak, eta, horren arabera, Donostiako Udalak eta haren aseguru etxeak 200.000 euroko kalte-ordaina emango diote Arzaken familiari, erantzukizun zibil modura. Halaber, akordioaren ondorioz, akusazioak erretiratu egin ditu auzipetuen aurka eskatutako inhabilitazio profesionalak. Gaztearen gurasoek osatu dute akusazio partikularra.

2013ko abuztuaren 7an hil zen Arzak (20 urte), Donostian, Paseo Berrian zela Urgulletik eroritako haitz batek buruan jota. Mendi magala egonkortzeko lanetan ari zen udala, eta handik jausi zen mutila kolpatu zuen harria.

Auzipetuen artean zeuden Donostiako Udal Hirigintza alorreko hiru teknikari —bi ingeniari eta arkitekto bat—, egonkortze lanetako planen arduraduna, egonkortze plan horri oniritzia eman zion laguna eta lanak egiten ari zen enpresako kudeatzailea. Udal teknikariak dira zigortutako biak. Horietako bati —lanetako zuzendaria—, urte erdiko espetxe zigorra jarri dio Donostiako Epaitegiko zigor aretoko epaileak, arduragabekeria leporatuta; besteari —Udaleko Azpiegituren eta Hiri Zerbitzuen saileko zuzendaria—, delitu bera egotzita, 900 euroko isuna ezarri dio. Lanetako arriskuaz herritarrak behar bezala ez ohartaraztea leporatu diete.

Absolbitutakoen artetik hiru, zigor alorreko jazarri ezintasunagatik utzi dituzte libre: akusazioak biren kontrako eskaerak erretiratu egin ditu, eta bestea ez zuten inputatu. Laugarren absolbitua, Zigor Kodeko azkeneko erreformaz baliatu da. Akusazio partikularraren abokatuak adierazi du kasu honen ondorioz lanetako segurtasun neurriak «hobetu» egin direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.