«Partida ez da bukatu», Otegik ziurtatu duenez: «EH Bildu berme bat da faxistei 'stop' esateko»

«Fronte zabalak» osatzeko eskatu du EH Bilduko idazkari nagusiak, eta ezkerra era «eredugarrian» aritzeko. «78ko erregimenaren loturak askatu» behar direla esan du Nafarroaren Egunean: «Euskal herritarrok nazio bat osatzen dugula aitortu behar dute».

Otegi Nafarroaren egunean
Arnaldo Otegi Nafarroako Eguneko ekitaldi politikoan, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
xabier martin
2025eko abenduaren 3a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroaren Egunaren harira, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik adierazi du euskal herritarrak «baskoiak» direla gaur egun ere, eta «euskaldun izateko eta estatu bat izateko» nahia dutela. Iruñean egindako ekitaldi politiko batean, koalizio subiranistako buruak ziurtatu du hala munduan nola Euskal Herria inguratzen duten herrialdeetan «zibilizazioaren eta basakeriaren arteko lehia» dagoela, eta, «garai ilunak» izateko arriskua ikusita, konfiantza eskatu die herritarrei, EH Bildu «berme bat» delako, haren arabera. «Partida ez da bukatu», esan duenez: «Agian gobernu erreakzionarioak iritsiko dira Madrilera eta Parisera, baina hori ez dago idatzita».

Otegik ohartarazi du autoritarismoaren mehatxuak ez ezik aukerak ere badirela gaur egun, «estatu nazional berriak sortzeko eta eskubide sozialetan» urratsak egiteko aukerak, hain zuzen. «Arriskuak badira, baina aukerak ere bai». Oso argi berretsi du EH Bildu berme bat dela «faxistei 'stop' esateko», eta «lehentasuna eskuin muturra eta muturreko eskuina gelditzea» dela. Baina, Otegiren arabera, EH Bilduk ez du lehentasun hori jarri pentsatzen dutelako arrisku horrek «sigla jakinak» jo ditzakeela, baizik eta sinetsita daudelako «erreakzionarioen blokeak nazio osoak, emakumeak, gazteak... zibilizazioan bizi nahi duten guztiak» jo ditzakeela.

Hori kontuan hartuta, Otegik argi utzi du ez direla etsaiak, lehiakideak eta aliatuak nahastu behar. «Etsaiak atzera egin nahi duten erreakzionarioak» direla erantsi du, «basakeria» ekarri nahi duten horiek. Eta egoera arriskutsu horretan aurrera eraman beharreko estrategian jarri du arreta. Esan du ez dela nahikoa muturreko joerak gelditzea, «harago» joan behar dela, eta, besteak beste, «Espainiako Estatua plurinazionala dela onartu eta errealitate horren arabera jokatu». «Alterrnatiba bat eraiki behar dugu, eta guk oso argi dugu nola egin: fronte zabalak sortuz, gutxieneko programa bati lotuta. Horrela aurre egiten zaio faxismoari».

78ko erregimenaren loturak askatu

Programa horri buruz aritzean, lau helburu zerrendatu ditu. Lehena, hain zuzen, estatu plurinazionala onartzea da, eta horrek hau ekarri beharko luke, Otegiren hitzetan: «Euskal herritarrok nazio bat osatzen dugula aitortzea». Bigarrena, berriz, zera da, demokrazian sakontzea arlo sozialean eta ekonomikoan. Hirugarrena, programa bat abiaraztea Espainiako Estatua demokratizatzeko, «78ko erregimena, lotua utzi zuten hori, askatzeko». Eta azkenik, ezkerraren jarreraz aritu da. «Eredugarritasuna» aipatu du behin baino gehiagotan, ustelkeria auziei erreparatuz baina Belateko tunelarekin lotutako auzia zuzenean aipatu gabe. «Eredugarritasunaren bidez lortzen dira konfiantza eta esperantza. Eredugarriak ez diren jarrerek jendea aldendu egiten dute proiektu politikoetatik; ez da gure kasua, baina mahai gainean jarri behar da aldagai hori ere».

«Ez du balio soilik esateak erreakzionarioak okerragoak direla; aldi berean, helburuak dituzten gobernuak eraiki behar dira, gu hobeak garela erakusteko»

ARNALDO OTEGI EH Bilduko idazkari nagusia

Finean, Otegik mezu argi bat helarazi du «Euskal Herriko hiriburutik»: EH Bildu berme bat da. «Eredugarria da, esaten duen hori egiten duelako, ustelkeria auzi bakar bat ere ez duelako, eta estrategia bat dugulako edozein egoerari aurre egiteko, baita erreakzionarioen blokeari ere». Erreakzionarioak gelditzeko estrategiari xeheago erreparatuz, gaineratu du ez dela nahiko esatea horiek gelditu behar direla; «aldi berean, helburuak dituzten gobernuak eraiki behar dira, gu hobeak garela erakusteko, ez baitu balio bakarrik haiek okerragoak direla esateak».

Aznal: «Nafarrei galdetu behar zaie»

Bukatzeko, EH Bilduko idazkari nagusiak ziurtatu du «horrela jarraituz gero» koalizioak «helburu guztiak» beteko dituela. «Ez dugu antsietaterik; konfiantza osoa dugu, zorionez, herri honetan bai baita alternatibarik, politika hizki larriz eginez».

Otegiren aurretik, Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak hartu du hitza. Nafarroako «foraltasunaren eta autogobernuaren» berritzeari ausardiaz eta anbizioz aurre egiteko garaia dela azpimarratu du hark, «gizarte gisa ditugun eta etorkizunean izango ditugun erronkei erantzuteko, eta geure burua babesteko birzentralizazio autoritarioaren arriskuen aurka». Aznalek esan duenez, «foruak fosildu nahi dituztenei aurre egin eta autogobernu osorako grina adierazten duen foraltasuna eguneratzeko eta berrabiarazteko garaia da. Foruak ondo adierazten du zer izan ginen eta zer izan nahi dugun».

Foru Hobekuntza berritzeak, Aznalen iritziz, «egiturazko gabezia» bati erantzun behar dio: herritarren babesa izan behar du. «Nafarroako herritarrei galdetu behar zaie. Inoiz ez genuen bozkatu gure erregimen politikoa, itun gisa aurkeztu bazen ere demokratikoki erabakitzeko aukera ukatu baitzigun», gogoratu du Aznalek.

Era berean, parlamentuko EH Bilduren eledunak nabarmendu du Nafarroa subjektu politikoa dela. «Nafarrok erabakiko dugun horixe izango da Nafarroa. Bai estatuarekin dituen harremanetan, eta bai beste euskal lurraldeekin dituen aldebiko harremanean».

Geroa bai: gorrotoari aurre egin

Geroa Baik «ausardiaz eta anbizioz» begiratu dio etorkizunari Nafarroaren Egunean. Ohar baten bidez ziurtatu du «konbikzioz» defendatzen duela Nafarroaren autogobernua, «bizikidetzaren alde eginez eta euskara hizkuntza bizia, irekia eta etorkizunez betea dela aitortuz».

Autogobernua «ongizatea eta aurrerapena bermatzeko» tresna bat dela esan du Geroa Baik. «Nafarroak gaur egun zerbitzu publiko irmoak ditu, bai eta gaitasun fiskal, ekonomiko eta sozial nabarmena ere bere autogobernuari eta bere foru erregimenari esker. Legeak Nafarroatik eta Nafarroarentzat egiteko gaitasun hori bera da eredu propio, eraginkor eta hurbil bat eraikitzea ahalbidetu diguna».

Koalizioak adierazi du 43 urte igaro direla Foru Hobekuntza onartu zenetik, eta «agerikoa» den gauza bat gogorarazi: «Eskualdatzeko zain dauden eskumen gehiegi daude oraindik».  Onartu dute azken legegintzaldietan izan direla aurrerapausoak, baina berriro eskatuko dute Espainiak Nafarroako autogobernuari dagokionez «bete beharrekoak betetzeko» eta «legeak Nafarroako herriari aitortzen dion eskumen maila errespetatzeko».

Gainera, Geroa Baik jakinarazi du Foru Hobekuntza ez dela «testu ukiezina». «Zeharo alderantzizkoa: ia ez du aldaketarik izan berrogei urtez baino gehiagoz, eta Nafarroako gizartea bera, haren erakundeak eta desafioak modu sakonean aldatu dira. Horregatik, legegintzaldi honetan parlamentuko ponentzian egiten ari den lana defendatzen dugu, gure Lege Organikoaren erreforma integral baterantz aurrera egiteko, egungo gizartearen eta erronken neurrira eguneratzeko, eta adostasunetatik eta epe luzeko begiradatik abiatuz hobetzeko».

Halaber, «gorrotoa eta beldurra ereiten» dituztenei erreparatu die koalizioak. «Autogobernuaren defentsa beharrezkoa da orain,  etxeko atean baitugu Europan edo Atlantikoaren beste aldean ez ezik Estatuaren barruan ere hazten ari den olatu inboluzionista». Geroa Baik ziurtatu duenez, herritarrek jakin behar dute euren esku dutela olatu horri aurre egitea, «eredu sozial zuzen, parekide eta inklusibo bat eraikita».

Horregatik, abenduaren 3an, «ausardiaren balioa» aldarrikatu du Geroa Baik, «beldurrari» aurre egiteko tresnatzat baitu­. «Gizarte moduan, ezin dugu onartu higatu nahi gaituzten eta etsiarazi nahi diguten diskurtsoekin uzkurtzea, ez eta gorrotoa eta konfrontazioa sustatu nahi dutenekin ere». Koalizioak adierazi du Nafarroa lurralde kohesionatua izatea nahi duela, «irekia eta bere buruarengan konfiantza duena, eta zatiketa helburu duten mezu baztertzaileak ukatzen dituena».

BELATEKO TUNElaren ajeak

Nafarroaren Eguna baliatu du eskuinak gobernuaren kontra egiteko, eta gogoarazi atzo Maria Txibite gobernuburuak kargutik kendu zuela Herri Lanetako zuzendaria, Belateko tuneleko obren gainkostuen harira. UPNk uste du neurri hori hartzeko «berandu» dela, eta ez dela nahikoa. «Kontuak eskatu nahi baditu, gorago begiratu behar du lehendakariak». 

PP gobernuko kideei mintzatu zaie. Geroa Bairi eta Zurekin-i eskatu die gobernutik ateratzeko, argudiatuta «bestela ustelkeriaren konplize» bihurtuko direla. Geroa Baik uste du lehendakariak argitu dituela Belateko tuneleko lanei dagozkion kontuan, baina Pablo Azkona eledunak azaldu du garrantzitsua dela «bermatzea badirela tresnak horrelakorik berriz ez gertatzeko lana zorrotz eta garbi egiteko»; besteak beste, gobernuko bazkideen konfiantza berreskuratzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.