Herri Lanetako zuzendari nagusia kargugabetu du Txibitek, Belateko tuneleko obren gainkostuen harira

Nafarroako Gobernuak argudiatu du obren kontrola hobetzeko neurriak hartuko dituztela, eta lanean ari direla obrak ez eteteko «legezko formulak» topatzeko.

Pedro Lopez —eskuinetik lehena—, obren lizitazioaren aurkezpenean. JESUS DIGES / EFE
Pedro Lopez —eskuinetik lehena—, obren lizitazioaren aurkezpenean. JESUS DIGES / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko abenduaren 2a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pedro Lopez Nafarroako Herri Lanetako zuzendari nagusia kargugabetu du Maria Txibite Nafarroako presidenteak. Erabakiaren atzean daude kontu hartzaile nagusiak Belateko tuneleko obren inguruan plazaratutako ondorioak: haren arabera, herri lan horretan izandako zortzi milioi euroko gainkostutik 6,2 milioi ez daude behar bezala arrazoituta. Hala, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak erantzukizun politikoak hartzeko eskatu zioten atzo Txibiteri, eta hark Lopezen kargugabetzearekin erantzun du.

Belateko tunelaren lanak Acciona, Oses eta Servinabar enpresen arteko aldi baterako elkarteari adjudikatu zizkion Nafarroako Gobernuak; 76 milioi euroko eskaintza eginda, haiek irabazi zuten lehiaketa. Obrek, baina, agenda politikoan leku nabarmena hartu dute azken hilabeteetan. Hain zuzen, Cerdan auzian ikertutako bi enpresa baitaude tartean —Acciona eta Servinabar—, eta adjudikazio prozesuaren inguruko ikerketa bat egiten ari da Nafarroako Parlamentua, kontratazio mahaian izan ziren tirabirak direla medio.

Baina, behin obrak hasita enpresek —jada Servinabar gabe— argudiatu zuten 8,5 milioi euroren gainkostuari buruzkoa da kontu hartzailetza nagusiaren txostena. Kopuruak lehen eskaintzaren %10a gainditzen zuenez, prozedura bat jarri zen martxan, eta gobernuko Herri Lanen Zuzendaritzak bere egin zituen enpresen argudioak, kostu igoera onartuta.

Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilariak berak adierazi zuen urrian «ustekabeen ondorio» zirela. Hain zuzen, gaurko oharrean ere, Nafarroako Gobernuak adierazi du auzi teknikoetan oinarrituta justifikatu zutela enpresek gainkostua: «Eremuaren morfologia, menditik jaisten den ur kopurua, eta baimenak lortzeko beharrezko zenbait preskripzio».

Kontu hartzailetza nagusiaren txostenaren arabera, baina, aldaketek ez diete erantzuten ustekabeko gertaerei, eta enpresen «komenigarritasun eta aukera arrazoiekin» lotu ditu. Zehazki, zalantzan jarri du 8,5 milioi euro horietatik 6,2 milioiren nondik norakoak. Zehazki, tunela sostengatzen duen armadura sarean eta hura estaltzen duen hormigoi lodieran, tunela zulatzeko lanetan eta lehergaia biltegietan aldaketak egiteko.

Arrakala gobernuan

Auziak gobernuko bazkideen artean eragindako harrabotsaren adierazle izan zen atzo arratsaldean PSNko, Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako ordezkariek egindako bilera. Hartan, koaliziokideek kargu hartu zieten sozialisten ordezkariei eta, horien artean, Maria Txibiteri berari. Bileratik, baina, ez ziren gustura atera. Geroa Baiko Pablo Azkonak adierazi zuen PSNk egindako proposamenek ez zituztela ase, eta eurek zenbait neurri proposatu zizkiotela presidenteari. Zurekin-eko Miguel Garridok, berriz, esan zuen Txibiteren «erantzun irmo bat» espero zutela.

Oraingoz, gobernuak jakinarazi du, Lopez kargugabetzearekin batera —2019tik zen Herri Lanetako zuzendari nagusia—, obra horien kudeaketa eta kontrola hobetzeko neurriak ezarriko dituztela: hala nola zuzendaritza fakultatiboa aldatuko dute eta lanak Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu hartze zerbitzuak gainbegiratuko ditu.

Era berean, azaldu dute Lurralde Kohesiorako Departamentua lanean ari dela obrek aurrera jarraitzeko «legezko formula berriak» topatu nahian. Izan ere, gogoratu du obra horiek beharrezkoak direla «herritarren segurtasunerako» eta «Europako legedia betetzeko». Horretarako, Herri Lanen zuzendaritza harremanetan jarri da obren adjudikazioa duten enpresekin, eta lanekin «normal» segitzeko eskatu die.

UPNk bizkor erantzun du kargugabetzearen ostean. Cristina Ibarrola presidentearen esanetan, «Belateko ustelkeria zantzuen aitortza» da Lopez kargutik kendu izana. Ohar bidez, adierazi du Txibite «ustelkeriaren mamuak» inguratuta dagoela, eta presidentea bera egin du horren erantzule: «Txibitek ireki zizkion Nafarroako Jauregiko ateak [PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos] Cerdani, eta horrek nahi bezala aritzeko aukera eman zion. Eta, egun, oraindik ez da gai azaltzeko bere gobernuak nola adjudikatu zion 76 milioi euroko balioa duen obra bat Cerdanen enpresari».

EH Bilduko eledun Laura Aznalek, berriz, aintzat hartu ditu Txibiteren erabakiak. Haren esanetan, obra horiek «beharrezkoak» dira, baina ezinbestekoa da behar baino «euro bat gehiago ez ordaintzea» eta «kontrolerako tresnak» ezartzea ere. Hala, dei egin du «obra eta funts publikoen kudeaketa arautzen duten printzipio eta balioen inguruan hausnartzera».

Zurekin alderdiarentzat, «egokiak eta neurrikoak» dira hartutako erabakiak, erantzukizun politikoa hartzeaz gain aurrera begirako neurriak ere hartu direlako. Hala, uste dute gobernuko bazkideen arteko elkarrizketek fruituak eman dituztela, eta gizarteari mezu egokia eman zaiola: «Irmo eta azkar erantzuten dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.