Gizartea

Pasaiako badia "leheneratu eta merkantzia trafikoa hirukoizteko" plana aurkeztu dute

Jaizkibel pareko kaian 'Ekoportu' izeneko eredua gauzatu nahi du Pasaiako Portuko presidente Gonzalez Txabarrik. 2009-2020 plan estrategikoa urte bukaerarako onartzea espero dute.

2008ko uztailaren 17a
18:14
Entzun
Pasaiako (Gipuzkoa) Portuko Aginteko presidente Joxe Joan Gonzalez Txabarrik udalerri horretako porturako eta badiarako plan estrategikoa aurkeztu du gaur, 2009-2020rako. Jaizkibel mendi pareko kaian Ekoportu izeneko garapen eredua gauzatzea dute asmoa. "Hiriguneari ahalik eta gutxien eraginda, badia leheneratu, eta merkantzia trafikoa bikoiztu edota hirukoiztea" ahalbidetuko duela dio Gonzalez Txabarrik.

Portuaren Administrazio Kontseiluak plana urte bukaerarako onartzea espero dute.

Gonzalez Txabarriren hitzetan, Pasaiako portuak gaur egun duen "defizit egoera bukatuko" luke plan estrategikoak, eta "ikuspuntu ekonomikotik lehiakor" bihurtuko luke. Egun dagoen sei milioi tona merkantziako trafikotik hamabi edota hamazazpi milioi tonara igarotzea dute helburutzat.

Agintariek ukatzen badute ere, ekologistek eta zenbait alderdi politikok diote Jaizkibel parean eraiki nahi duten azpiegitura erraldoiak "nabarmen" kaltetuko lukeela hango ekosistema, besteak beste.

Halere, Pasaiako Portuko Aginteak eta Gipuzkoako Diputazioak bestelako iritzia dute. Plan estrategikoari jarraiki, badia barruko azpiegiturak kanpoaldean eraiki nahi duten kaira eta trenbidez garraitzeko azpiegituretara eramanda -hamar urtetan-, badia "leheneratuko" lukete, "sozialki eta ingurumen arloan maila onean berrosatuta".

Barruko kaian 80 hektareatan azpiegiturak eraitsita, "badiako urak garbitzea, hirigintza leheneratzeko programak garatzea, Oiartzun ibaiaren ibilbidea lehengoratzea, lurzoruetatik kutsadura desagerraraztea eta egungo zarata eta igorpen kutsatzaileak ezabatzea" posible izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.