Pasaiako segadan parte hartu zuen poliziarik ez dute identifikatu

Bigarren saioan ez dute inor ezagutu, eta hirugarrengoa garai hartako argazkiekin egingo dute

Elkarretaratzea egin zuten atzo Donostiako Auzitegiaren aurrean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
jon ordonez garmendia
2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Pasaiako badian 1984. urtean Komando Autonomo Antikapitalisten kontrako segada batean parte hartu zuten poliziak identifikatzeko bigarren saioa egin zuten atzo, Donostiako Auzitegian. Santiago Gonzalez familien abokatuak azaldu duenez, ordea, ezin izan dute inor identifikatu.

«Hainbeste urteren ondoren, zaila da inor identifikatzea», esan du, eta gaineratu du aurki beste identifikazio saio bat eskatuko duela, baina polizien garai hartako nortasun agiriaren argazkiekin eta beste argazki ofizial batzuekin: «Horrek zentzu handiagoa dauka».

Martxoaren 28an egin zen saioan bezala, Joseba Merinok parte hartu zuen atzo poliziak identifikatzeko saioan. Bera izan zen bizirik atera zen bakarra. «Hau ez da bukatu. Zer egin badago oraindik», esan zuen gero. Identifikatzeko hiru saio ziren egitekoak, baina bakarra izan zen azkenean, beste bietan parte hartzekoak ziren bi poliziak hilik baitaude.

Gonzalezek adierazi zuen heriotza horien agiri ofizialak eskatuko dituela, inork ez dituelako aurkeztu oraindik. Bestelako «gauza arraroak» izan direla ere esan zuen: azaldu zuenez, hasieran esan zuten ez zekitela non zegoen beren burua aurkeztu behar zuten polizietako bat, baina gero, «bat-batean», martxoko saiora aurkeztu zen.

Aitortza ofizialaren zain

Espainiako Poliziak Komando Autonomoetako lau kide hil zituen 1984ko martxoaren 22an: Rafael Delas Txapas (Iruñea, 1957), Jose Maria Izura Pelu (Iruñea, 1958), Pedro Mari Isart Pelitxo (Azpeitia, 1961) eta Dioni Aizpuru Kurro (Azpeitia, 1963). Azken horren anaiak, Peio Aizpuruk berriro salatu du hildakoen senideei tratu txarra ematen ari zaizkiela erakundeak. Gaineratu du gizarte osoari dagokion kontu bat dela, eta aitortza ofizial bat espero dutela.

Auzia 2018an artxibatu zuten, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak senideen helegitea baztertu ondoren. 2020an, ordea, Merinok dokumental batean ezagutu egin zituen ustez hilketa horietan parte hartu zuten poliziak, eta identifikazio saioak egiteko eskatu zuen. Gipuzkoako Auzitegiak azaroan ireki zuen berriro ere auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.