azpiegiturak

Pasaiako zentral termikoa itxi izanak ezbaian jartzen du ziklo konbinatuko planta, Bilduko alkateen ustez

Iberdrolak aipatu zuen arrazoietako bat energia kontsumoaren jaitsiera izan dela.

2012ko ekainaren 12a
18:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Ainhoa Zabalo Lezoko alkatea eta Amaia Agirregabiria Pasaiakoa —Bildukoak biak— "oso pozik" azaldu dira Iberdrolak Pasai Donibaneko zentral termikoa ixteko erabakia hartu duelako, eta uste dute energia kontsumoaren beherakada izateak ezbaian jartzen duela Iberdrolak Pasaiarako duen ziklo konbinatuko plantaren egitasmoa.

Enpresak arrazoi ekonomikoak — energia eskaera jaitsiera— eta ingurumenekoak ipini ditu Pasaiako zentral termikoa ixteko, eta bi arrazoiak "oso garrantzitsuak" direla azpimarratu dute Bilduko alkateek. "Plantak aspaldi behar zuen itxita, ordea, Euskal Herriko azpiegiturarik kutsakorrena baita". EAJri eta PSE-EEri azpiegitura handien proiektuak albo batera uzteko eskatu diete.

Zabalok eta Agirregabiriak salatu dute herritarrek eta udal arduradunek hedabideetatik jakin zutela erabakiaren berri; Iberdrolari, ondorioz, "errespetu txikia" izatea egotzi diote.

Espainiako Industria Ministerioa azpiegitura ixteko balekoa emanez gero, lau edo bost hilabete baino lehen desegingo dute planta. 1967tik dago lanean, eta 2022. urtera arteko baimena zuen Iberdrolak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.