Gaur goizean onartu dute Pasaiako zerbitzugunea antolatzeko plan bereziaren berrikuspena, eta ondoren aurkeztu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak eta diputatu nagusi Markel Olanok. Plan hori Pasaiako Udalarekin eta Pasaiako Portu Agintaritzarekin hitzartu dutela esan dute, eta bidea emango duela inguru horretan hainbat egitasmo berri egiteko. 2021erako nabarmenki erabarrituta nahi dute; berritasun handienetakoa izango da Adinberri zentroa, zahartzaroari buruzko ikerketak eta gogoetak sustatuko dituen espazioa. Adineko pertsonentzako bizitokia ere izango da. Bi agintariek onartu dute Pasaialdeak urteak daramatzala "degradatuta", eta horregatik aski garrantzitsua dela plan hau. "Aro berri bat hasi da gaur", esan du Garmendiak.
EH Bilduk, aldiz, plana "kosmetika hutsa" dela deitoratu du. Portuaren funtzionamenduak inguruan eragozpen handiak sortzen dituela esan du, eta ez direla aintzat hartu zentzu horretan herritarrek egindako iradokizunak. Sakoneko aldaketak egin behar direla esan du.