Patinete elektrikorik ez garraio publikoan

Patinete elektrikoak debekatu egin dituzte garraiobide gehienetan, baterien leherketak direla eta. Horiek «manipulatzean» dago arazoa.

PATINETE ELEKTRIKOAK
Mutil bat patinete elektrikoan, bidegorritik, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
2024ko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Euskal Herriko garraio enpresa gehienek debekatu dute, gutxinaka, patinete elektrikoak garraio publikoan sartzea. Renfe Espainiako trenbide konpainia publikoa izan zen lehena, iazko abenduaren 12an. Bilboko Metroak eta Euskotrenek batera iragarri zuten neurria urtarrilaren 15erako, eta Bizkaibusek, Bilbobusek eta Alavabusek otsailaren hasieran jarri zuten martxan debekua. Gaurtik aurrera Gasteizko Tuvisa autobusetan ere debekatuko dute.

Funtsean, debekatuta dago garraiobidera sartzea patinete eta monoziklo elektrikoekin, edota mugikortasun pertsonalerako beste edozein gailu bateriadunekin; patineteak dira, ordea, ezagunenak. Horiek debekatzea erabakitzeko, baterien leherketak hartu dituzte argudiotzat garraio publikoaren operadore gehienek: iazko urrian halako gailu baten bateria bat lehertu zen Madrilgo metroan, eta bagoi barrualdea kiskali zuen. Urte hasieran ere Madrilgo etxe batean su hartu zuen beste patinete elektriko baten bateriak, eta lehertu egin zen. Bi kasuetan ez zen zauriturik izan, baina kalte materialak bai. 

Garraio enpresen esanetan, osasun publikoaren eta bidaiarien segurtasunaren izenean hartu dute erabakia. Renfe izan zen lehena debekua martxan jartzen. Iazko abenduaren 12tik ezin da patinete elektrikoekin bidaiatu ibilbide motz, ertain edo luzeetan. Veronica Portell Torres Renfeko komunikazio, marka eta publizitate ordezkaria da Hego Euskal Herrian eta Kantabrian. Azaldu du beste garraiobide batzuetan arazoak izan direlako jarri dutela indarrean debekua, ezer gertatu baino lehen. Erabakia nazioarteko beste operadoreei jarraikiz hartu dute: «Europako hiri askotan debekatu dituzte halako gailuak: Erresuma Batuko eta Irlandako trenbide operadore batzuetan, Hanburgoko (Alemania) metroan eta abar. Katalunian, adibidez, 2022ko azarotik dago debekatuta, bai instalazioetan, bai geltokietan».

Bilboko Metroak, Euskotrenek eta Euskal Trenbide Sareak urtarrilaren 15erako hartu zuten erabakia. Goyo Sarasola Bilboko Metroko Operazio zuzendariaren esanetan, debekua segurtasun azterlan batean oinarritu dute: azterlan horrek kontuan hartu du gas toxikoak isurtzen dituen leherketa bat egotea ez dela oso gertagarria, baina bai «arriskutsua», eta garraio enpresak ez du arriskua onartu nahi. Hortaz, txartela balioztatzeko makinatik abiatuta, patinete elektrikoak ezin dira eraman: ez tolestuta aldean, ez poltsa baten barruan.

Bizkaibusek eta Bilbobusek bide bertsua hartu dute: debekua azken hilabeteetan izandako «hainbat gertakarirekin» arrazoitu dute. Gaineratu dute leherketa posibleek zerbitzuen eskuliburua urratu dezaketela, tartean «ibilgailu leherkorrak» debekatzen baititu. Tuvisatik ere ere antzeko arrazoiak eman dituzte.

Debeku honek ez ditu patinete elektrikoak soilik barne hartzen, mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektriko guztiak baizik. Ibilgailuen Espainiako Araudi Orokorraren arabera, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek gurpil bat edo gehiago izan dezakete, lagun batentzako tokia dute, eta motor elektrikoek mugiarazten dituzte. Gehienez ere orduko sei eta 25 kilometro arteko abiadura har dezakete. Legezkoak izateko, abiaduraren adierazle argi bat izan behar dute, eta baita bateria maila erakutsiko duen bat ere. Gurpil bat baino gehiago dutenek esku frenoa ere izan behar dute, eta argi zuriak aurrealdean, horiak alboetan eta gorriak atzealdean. Dena dela, ezin dira joan ez errepidetik ez espaloitik.

Luis Alberto Santxo Patinetes Vitoriaren jabea da; patinete elektrikoak eta antzeko gailuak saltzen dituzte bertan. Haren esanetan, «mundu guztiak» erabiltzen du patinete elektrikoa: «Lanera doanak lanera joateko erabiltzen du; ikastera doanak, ikastera joateko». Debekuaren aurretik, askok beren ibilbidea osatzeko erabiltzen zuten: garraioa hartu eta bertatik lanerako tartea patinetean egiten zutela azaldu du Santxok. Bilboko Metroko Operazio zuzendariaren arabera, debekua indarrean sartu zutenetik hamar kexa jaso dituzte. Halere, Portellek nabarmendu du Euskal Herrian neurriak ez duela askorik eragingo: «Euskadin ez zegoen patinete elektrikoen erabiltzaile askorik; aldiz, Bartzelona edo Madrilen gisako hiri handietan eragin handiagoa izango du, ziur».

Euskal Herrian, Iparraldeko hiru lurraldeetan soilik eraman daiteke patinetea tren barruan: SNCF Frantziako trenbide konpainia publikoak onartzen du, betiere tolestuta eramaten bada. 

Bizikleta elektrikoak, barrura

Debeku honetan salbuespena dira mugitzeko gaitasun mugatua dutenen ibilgailuak eta bizikleta elektrikoak. Renfeko ordezkaritzaren esanetan, mugitzeko gaitasun mugatua dutenen garraioa bateriengatik gerta litekeen edozein istripu baino garrantzitsuagoa da. Bizikletei dagokienez, Sarasola eta Portell bat datoz: bizikletek ez dute eman patinete elektrikoek eman duten antzeko arazorik. «Patinete baten leherketak soilik isuri ditu gas toxikoak», zehaztu du Sarasolak. «Garraio mota ezberdinak dira, eta, beraz, bateriak ere bai», gaineratu du Portellek. 

Luis Alberto Santxo Patinetes Vitoriako jabearentzat, neurria «zentzugabea» da: «Bateria eta teknologia bera darabilte bi gailuek». Erantsi du bateria horiek «izugarri seguruak» direla, eta manipulatuz gero soilik direla arriskutsuak: «Ikusi al duzu noizbait ordenagailu eramangarri bateko bateriarik lehertzen? Ez, ezta? Bada, halakoek erabiltzen dituzten gelaxkak eta patineteetan erabiltzen direnak berdinak dira: 18650 motakoak. Baina ordenagailuetako gelaxkak manipulatzen ez direnez, ez dira lehertzen». Halaber, adierazi du bizikleten bateriek lehertzeko arrisku txikiagoa dutela, gutxiago manipulatzen direlako. 

Patinetes Vitoriako jabeak onartu du baten bat joan zaiela patinetearen bateria moldatzeko eskatzera, gailua azkarrago joan zedin. Dendan, ordea, ez dute onartu lana: «Guk ez ditugu bateriak manipulatzen. Jendeak bere patinetea azkarrago joatea nahi du, edo bateriak gehiago irautea. Baina konponketaren bat oker egiten diote, eta, hortaz, lehertzeko arrisku handiagoa du». Kolperen bat hartzeagatik, bateria bustitzeagatik edo kargagailu ezberdinak erabiltzeagatik ere leher daiteke, baina «oso gutxitan» gertatzen dela esan du Santxok. Gailu horiek garraio publikoan debekatu beharrean patineteen nahitaezko azterketak egin beharko liratekeela uste du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.