Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Bilduren zerrenden inpugnazioaz mintzatu da gaur goizean, Bilbon. "Ederra dauka Justiziak", esan du, "oso erabaki zaila hartu behar du". Azpimarratu du EA eta Alternatiba ez daudela "kutsatuta", baina "ezker abertzaleko independenteekin" aurkeztu direla.
Epaileek hartzen dituzten erabakiekiko "errespetua" eskatu du. "Gobernuak eta alderdiek ezin dute Justizia presionatu edo ordezkatu", adierazi du. Lehendakariaren hitzetan, Justizia sistemaren aurkako erasoak edo aurkari politikoa ahultzeko terrorismoa erabiltzea "zitala" da, eta etorkizunean hori "ordaindu" egingo dela gaineratu du. PPri estrategia hori uzteko eskatu dio.
Hala ere, Lopezek aldarrikatu egin du PSE-EEk eta PPk Jaurlaritzan duten akordioa, eta Espainian "imitatu" egin beharko luketela esan du. Aldi berean, EAEtik kanpo akordio hori ez dezatela elkarren aurka erasotzeko erabili eskatu du, gehiago zehaztu gabe.
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak esan du gustura daudela Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak Bilduren zerrendak inpugnatuko dituztelako. "PPri esker" gertatu da hori, haren ustez. Orain Auzitegi Gorenak Estatuaren abokatuaren eta Fiskaltzaren eskaera babestuko duela espero duela adierazi du. Bilduren zerrendak inpugnatuta koalizioa bera "hutsik" geratzen dela gaineratu du.