POLITIKA

Patxi Lopezen arabera, ezker abertzaleko kideekin hitz egitea ez da delitua

40 minutuz izan dira epailearen aurrean Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSE-EEko kideak. Aurretik deklaratu dute ezker abertzaleko Arnaldo Otegik, Rufi Etxeberriak eta Olatz Dañobeitiak. Uztailaren 6an elkarrekin bilera egiteagatik deitu ditu inputatu gisa deklaratzera EAEko Auzitegi Nagusiak. Lopezek esan du ezker abertzaleko kideek "eskubide zibilak" dituztela.

2007ko apirilaren 19a
19:24
Entzun
Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSE-EEko buruzagiak inputatuta deklaratu dute gaur EAEko Auzitegi Nagusian, Bilbon, iazko uztailaren 6an Donostian Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko batzorde negoziatzaileko ordezkariekin bilera egiteagatik. Otegi, Etxeberria eta Dañobeitia Batasuneko kidetzat, eta, beraz, legez kanpoko jardueraren egiletzat jotzen ditu epaileak, eta Lopezi eta Aresi desobedentzia delitua leporatzen die, Espainiako Auzitegi Gorenak Batasuna legez kanpoko alderditzat joa duela-eta.

Lopez eta Aresek 40 minutuko agerraldia egin dute epailearen aurrean. Lopezek gero esan du ez zirela Batasuneko buruzagiekin bildu, ezker abertzalekoekin baizik, "eta hauek eskubide zibilak dituzte, eta horiekin hitz egitea ez da delitua". Haren arabera, kasua artxibatu egingo dute, "epaiketako aulkiko argazkirik ez da egongo".

Bien emazteek eta PSE-EEko buruzagitzeko kideek lagunduta iritsi dira EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitzara; besteak beste, han ziren Jose Antonio Pastor, Miguel Buen eta Isabel Celaa.

PSE-EEko buruzagien aurretik, berriz, ezker abertzalekoek deklaratu dute. 09:30etatik 10:00ak bitartean joan behar zuten Otegik eta Etxeberriak epaitegira, baina ordu erdiko atzerapenez heldu dira Bilbo ingurua buxatu duen auto pilaketak harrapatuta. Dañobeitia joan den otsailetik kartzelan dago Haika-Segi auziagatik, eta A Lamako (Galizia) espetxetik ekarri du Ertzaintzak, hamarrak ingururako. Hirurek deklaratu dute, eta Otegik nabarmendu du kasu hau "politikoa" dela.

Auzia, iazo bileraren ondotik Ermuko Foroak kereila eta PPk salaketa jarri ondoren hasi zen.

Ezker abertzaleak elkarretaratzea

Ezker abertzaleak gaur elkarretaratzea egin du Auzitegi Nagusiaren aurrean, Prozesu eta hauteskunde demokratikoen alde lelopean. Euren kontrako “etengabeko jazarpena” salatuko dute, “beste alderdien aldean berdintasun berean aritzea eragozten duelako horrek”. Ehunen bat kide bildu dira protestan.

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak ere deklaratu behar izan du ezker abertzaleko kideekin biltzeagatik. Bi aldiz deklaratu du, inputatuta. Miren Azkarate Jaurlaritzaren bozemamaileak, berriz, leluko gisa deklaratu du, baita EITBko lau kazetarik ere.

Otegik beste bitan joan behar izan du auzitegira, eta Etxeberriak behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.