Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaile nagusiak adierazi du Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen zentsura mozioa «matematikoki, aritmetikoki» posiblea dela baina politikoki bideraezina dela. «Gaur egungo egoera kontuan hartuta, PSN alderdi politikoarekin programa bat zehaztea ezinezkoa da», esan du Iruñean egindako prentsaurrekoan. Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketak eskubideen eta ongizatearen «eraso bortitz eta bidegabea» direla salatu du, eta iragarri du ongizate estatuaren eta birzentralizazio prozesuaren kontra borrokatuko direla. Era berean, uztaileko azken bi asteak eta abuztuko lehenengoak lanegun izendatzeko eskatu du Aralarrek, Nafarroako Parlamentuan murrizketen inguruko bilerak egin ahal izateko.
PSNk eta Ezkerrak Yolanda Barcinaren «premiazko» agerraldia eskatu dute. Uztailaren 13an Raxoiren gobernuak ezarritako murrizketek Nafarroan izango duten eragina azaltzeko eskatu diote presidenteari. Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariaren agerraldia ere eskatu dute.
Nafarroa Baik eta Bilduk Parlamentuko Eledunen Mahaiaren «premiazko eta berehalako» bilera eskatu dute. Bi koalizioen aburuz, Lourdes Goikoetxea presidenteodeak «era akritikoan» babestu zuen PPren gobernuaren politika ekonomikoa. Adierazpen instituzional baten bitartez Eledunen Mahaiak jarrera hori gaitzestea eta Espainiako Gobernuaren murrizketen aurka azaltzea nahi dute.