erreakzioak

Paul Rios: "Konstituzionalak bidegabeko egoera bat mantentzen du"

Iñigo Urkulluk oroitarazi du 'Bateragune auzikoak' atxilotu zituztenetik agertu zela operazio haren aurka. Laura Mintegik uste du erabakiak ez duela oinarri juridikorik. Jose Antonio Pastorrek esan du "euskal gizartearen gehiengoak" ez duela erabakia ulertzen. Juan Kalparsorok, berriz, babes helegiteari "erabateko lehentasuna" emateko eskatu du.

jon olano
2013ko ekainaren 4a
08:04
Entzun

Bateragune auzian zigortutakoek aurkeztutako babes helegitea aztertu artean Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez libre ez uztea ebatzi du Auzitegi Konstituzionalak. Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak BERRIAri adierazi dionez, erabakia "ulertezina" da: "Zigortutako pertsonek euren zigorren zati handi bat bete dute. Konstituzionalaren erabakia gehiegi atzeratzen bada, kalte larria sufri dezakete, erabakia kaleratzear daudela helduko bailitzateke".

Auzitegiak "bidegabeko egoera bat" mantentzen duela uste du,"pertsona horiek ekintza soilik politikoengatik baitaude kartzelan". Gainera, Bateragune auzian zigortutako bostak kalean egoteak bake prozesuari egin diezaioken ekarpena izan du mintzagai: "Pertsona hauek Ezker Abertzalearen baitan aldaketa estrategiko bat bultzatu zuten, bide soilik politiko eta demokratikoengatik apustu egiten. Aske egonez gero apustu hori indartu lezakete. Gainera, bere askatasuna elkarbizitzaren aldeko apostuaren seinale litzateke".

Eusko Jaurlaritza

Konstituzionalaren erabaki horren inguruan jardun du gaur Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Esan du ez duela epaitegiaren ebazpenaz iritzirik eman nahi, baina erantsi du auzipetuak atxilotu zituztenetik agertu izan dela Otegi, Diez, Jacinto, Zabaleta eta Rodriguez espetxean egotearen kontra. Halaber, Auzitegi Konstituzionalari eskatu dio "lehenbailehen" erabakitzeko babes helegitearen inguruan.

EH Bildu

Bost presoek kartzelan jarraitzea "tragedia" bat dela adierazi du Laura Mintegi EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Radio Euskadin. Haren ustez, erabakiak ez du "oinarri juridikorik", baina bai, ordea, "politikoa".

PSE-EE

Jose Antonio Pastor PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak esan du "errespetatu" egiten duela erabakia, baina gaineratu du "euskal gizartearen zati handi batek" ez duela "ulertzen" Otegik kartzelan jarraitzea.

PP

Espainiako Kongresuko PPko bozeramaile Alfonso Alonsoren iritziz, Auzitegi Konstituzionalak "erabaki ona" hartu du Bateragune auzian zigortutakoek espetxean jarraitu behar dutela ebatzita: "Bermeak dituen sistema da hau, eta beraz, Otegik berme judizial guztiak dituela jarraitu beharko du espetxean".

UPD

UPDko bozeramaile Gorka Maneirok, ordea, uste du "askatasunarentzat berri ona" dela Bateragunekoek preso jarraitzea: "Gu oso pozik gaude", gaineratu du.

EAEko fiskal nagusia

Juan Kalparsoro Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiaren ustez, Auzitegi Konstituzionalak "erabateko lehentasuna" eman behar dio Bateragune auziko defentsak aurkeztutako babes helegiteari, iritzita "denbora luzez" daramatela espetxean. Ohartarazi du espetxeratuek zigorraren erdia baino gehiago betea dutela, eta azaldu du epaitegiak aintzat hartu beharko lukeela hori auziari lehentasuna emateko.

Kalparsorok azaldu duenez, auzitegiak ebatzi du ez dagoela arrazoirik behin-behinean bost zigortuak libre uzteko; fiskalak gaineratu du auzitegiak aintzat hartu duela bostak zigortzeko egotzitako delituen "garrantzia".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.