Martxoak 8

Pausoz pauso feminismotik ere berrasmatzen

Jone Bengoetxea (ELA)
2015eko martxoaren 8a
15:05
Entzun

“Aldaketak datoz mundura....” abesten dugu manifestazioak bukatzen ditugunean. Mundua aldi oro aldatzen ari da, baita gu ere berarekin. Bella Abzug politikari eta abokatu estatubatuarrak esan zuen bere garaian (pasa den mendeko 60 eta 70etako hamarkadetan batez ere): "Mugimendu handiak lortu nahi dutena lortzeko barnetik berrasmatu behar direla. Eta hau ez da bakarrik garaiak aldatu egin direlako; guk ere garaiak aldatu ditugulako da. Horregatik geure historiari erantzun behar diogu nolabait ere". 

Esaldi honek adiera desberdinak izan ditzake bestelako jendarte eredu baten eraldaketaren bidean gabiltzan edo horren saiakeran dihardugun organizazio, mugimendu eta sindikatuontzat. Mendeurren bat bete zuen ELA sindikatuaren kasuan, barne eraldaketa nabarmena izan da azken hamarkadetan, eta egun ere kanpoko testuinguru arrotza ikusita erronkak ez dira bestelakoak.

Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko egunean, sindikalismotik ere emakumeon borrokekin bat egiten dugu eta feminismoa ezinbestekoa dela aitortzen dugu, ez bakarrik iraultza sozial orokorrean edota lan munduan jasaten ari garen eraso bortitzen aurrean. Feminismoari arreta berezia eskaini behar diogu, kanpoko erasoen aurrean ezinbesteko aliatu izateaz gain, barne eraldaketa pertsonal eta kolektiboen berrasmaketan iparrorratza delako.

Gogoratu behar dugu, dena den, lan merkatua denontzat oihan basatia bada ere, emakumeontzat aparteko arauak mantentzen dituela: lanak sexuaren arabera banatuta jarraitzen duen heinean honek ondorio zehatzak dakartza emakumeontzat lan baldintzei dagokienez. Hala nola, emakumeek izan ohi dituzte kontratu partzial gehienak; beren langabezia eta azpienplegu tasak altuagoak dira; gizonekiko soldaten arteko desberdintasuna nabaria da eta aldi baterako kontraturik gehienak andreenak dira, besteak beste.  Gainera, ezin dugu ahantzi oraindik musutruk eta inolako aitorpenik gabe egiten diren zaintza lanak eta bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren lanak nagusiki emakumeek beren gain hartzen dituztela.

Argazki hau askotan erremediorik gabeko patu natural bat bezala onartu egiten da, emakume eta gizonen arteko egiturazko desberdintasun egoera naturaltzat hartuz. Baina jakin badakigu errealitate hauen aurrean erremedioak ez direla errazak; sindikalismoan eta lan munduan egunero ikusten ditugu argazki honi buelta emateko bereziki emakumeek aurrera eramaten dituzten borrokak, bai lantokietan eta bai lantokietatik kanpo. Horregatik uste dugu sindikalismoak emakumeentzako tresna baliagarria izaten jarraitzen duela, borroka sindikalean zein norbanako ahalduntze prozesu eta prozesu kolektiboetan.

Inork ez dizkigu eskubideak oparitu, are gutxiago emakumeoi. Eta emakumeon lorpen eta aldarrikapen bidean feminismoa izan da gidari, bestelako mugimendu sozial eta politikoentzat ere, askotan deserosoa eta aitortu gabea izan bada ere.

Azken aldi honetan feminismoa esparru politiko desberdinen artean modako errealitate bat dela ematen du. Zergatik? Errealitate gordinak berak honen beharrera eramaten gaituelako izan daiteke kasu askotan; beste batzutan, diskurtso mailan beronen instrumentalizazio huts bat ematen delako; edota benetan eraldatzailea izan nahi duen edozein proiektu edo organizazio politikok somatzen duelako feminismorik gabe iraultzarik ez dagoela.

Momentu honetan agenda beteta daukagu, proposamen ugari ditugu mahai gainean emakumeok bere bidean martxan eta baita beste hainbat eragileekin aliantzan. Prozesu paraleloak baina osagarriak beti ere, sindikatu, mugimendu eta eragile desberdinetako feministon arteko aliantzak berrindartzen dituztenak.

Hala nola, martxoak 8an Euskal Herriko hiriburuetako koordinadora feministak deituta egingo diren manifestazioak ditugu igande honetan, eta egun berean mundu mailan Emakumeen Mundu Martxaren eskutik, hasiera emango zaio Nazioarteko IV. Ekintzari. Honekin batera, martxoaren 7an esparru desberdinetako feministak Bilbon bilduko gara Euskal Herriko Karta Sozialaren prozesuan feminismoaren aportazio eta alternatiben bidea jarraituz.

Azken data edo etorriko diren ekimen handiak helburu baino, prozesuak beraiek ditugu enbor eta zutabe. Eta prozesuan bertan eragile bakoitzak erritmo eta interes kontrajarriak dauzkagu. Premiazkoa garrantzitsua denaren gainetik gailentzeko arriskua hor dago beti, eta honen aurrean emakumeok adi egon behar dugu.

Denok begiratzen diogu munduari begirada eta leku desberdinetatik. Denok ditugu gaixotasun desberdinen aurrean gustokoagoak ditugun erremedioak, baina kolokan dagoen gizarte eredu baten aurrean indarrak batu eta osabide konpartituak behar ditugu.

Pausoz pauso feminismoa bidelagun ezinbestekoa dugu edozein aldaketa eta eraldaketa prozesuan bai kanpoko kontestuari erantzunez baina baita etxe barneko berrasmatze saiakeretan. Denborak aldatuz doaz eta gu ere beraiekin. Pausoz pausoz feminismoa eta sindikalismoa bat eginaz.

Gora emakumeon borroka!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.