Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 11 kasu baieztatu ditu bi establezimendu horien artean: sei Bilboko diskotekarekin lotuta, eta gainontzekoak, Erandiogoikoko batzokiarekin. Hala, bada, PCR proba egitera joateko dei egin die uztailaren 24tik eta 26ra bitartean Bilboko Fever diskotekan izan zirenei, sei positibo atzeman ostean. Bihar 08:30ean hasiko dira testak egiten han izan zirenei, Basurtuko ospitalearen kanpoaldean jarritako karpetan. Egun horietan diskoteka horretan egon zirenek beren osasun etxera deitu beharko dute ordua hartzeko.
Erandiogoikoko batzokiari dagokionez, joan den ostiralean itxi zituen ateak, hainbat langilek positibo eman ostean. Denera, lau langilek eta bezero batek eman dute positibo. Erandioko EAJk larunbatean adierazi zuen aste honetan PCR probak egingo zizkietela langileei. Gaur, berriz, uztailaren 25etik 30era bitartean han egondako herritar orori PCR proba egiteko eskatu dio Osasun Sailak. Horiei Urdulizko ospitalean egingo dizkiete probak bihar, 10:00etan hasita.