Hezkuntzan «arrakasta handiz» zabaltzen ari dira zenbait uste eta ikuspegi: umeek zoriontsu izatera joan behar dutela ikastetxera, eskolak «harreman estuak» izan behar dituela inguruko eragileekin, irakasleak ez duela esku hartu behar ikaslearen «berezko eta jatorrizko nortasunean»... Aje horiez eta beste zenbaitez mintzo da Tere Maldonado Filosofian lizentziaduna eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea Pedagogismoaren gezurtapen bat liburuan. Elkarrek argitaratu du, eta gaur aurkeztu dute, Donostian.
Izenburutik bertatik hasi du azalpena Maldonadok: «Hau ez da pedagogiaren gezurtapen bat, pedagogismoarena baizik». Izan ere, zer da pedagogia, zer pedagogismoa? Pedagogia, hezkuntzaren eta irakaskuntzaren zientzia da; pedagogismoa, berriz, horren «gaindosia», Maldonadok nabarmendu duenez: «Pedagogismoa gehiegizko pedagogia da». Eta zera gehitu du: «Tamalez, askotan, ez da erraza bereizketa egitea, pedagogiaren parte handi bat pedagogismoratz irristatu baita».
Maldonadok erroetara jo du liburuan, eta, denboran atzera eginda, 68ko Maiatzak eta anti-Ilustrazioak izandako eragina aztertu du. Horrek azken urteotan hezkuntzan nagusitu diren joeretan izan duen islaz jardun du, eta, batez ere, joera horiek kritikatu ditu: «Pedagogismoak etengabeko berrikuntza du ipar eta xede, eta dagoeneko agintean txertatuta dagoenez, hau da, politika publikoak zuzentzen dituzten botere guneetan dagoenez, hezkuntza sistema ikaragarrizko zoramenera eramaten ari da, eta hori oso kezkagarria iruditzen zaigu batzuei». Horretaz gainera: «Pedagogismoak aurrerakoi eta ezkertiar gisa aurkezten du bere burua, baina neoliberalismoaren babesle aritzen da askotan».
«Pedagogismoak aurrerakoi eta ezkertiar gisa aurkezten du bere burua, baina neoliberalismoaren babesle aritzen da askotan»
TERE MALDONADO 'Pedagogismoaren gezurtapen bat' liburuaren idazlea
Pedagogismoak «arrakasta handiz» zabaldu ditu zenbait joera, Maldonadoren irudiko, eta, are, «mundu guztiak» ontzat eman ditu eta «aurreiritzi» bihurtu dira. «Topiko» horietako zenbait aletu ditu liburuan.
Bat: eskolak, hezkuntza sistemak, «harreman estuak eta ugariak» izan behar dituela inguruko eragileekin. «Jario moduko bat, fluxu bat, etengabeko joan-etorria, elkarri eragiteko, iragazkirik gabe. Gurasoei, elkarteei eta enpresei egiten zaizkien parte hartzeko deiak sartzen dira hemen». Maldonado ez dago ados: «Guztiz baztertuta geratu diren autore batzuei jarraiki, saiatzen naiz liburuan azaltzen ateak itxita eduki behar lituzkeela eskolak, gizartetik apur bat aldenduta egon behar duela, babesleku eta arnasgune izate aldera». Zergatik? «Esaterako, hezkuntza sistemak sustatzen omen duen pentsamendu kritiko ospetsua ezinezkoa da distantziarik gabe, distantzia kritikaren oinarrizko baldintza baita».
Bi: eskolak ikasleen ongizate emozionala zaindu eta landu behar duela. «'Eskolara ez goaz sufritzera' esatetik pasatu dira esatera 'eskolara goaz zoriontsu izateko'. Uste dut jauzi ikaragarria dela, ikertzeko modukoa». Maldonadoren esanetan, horrek eragina du ikasleengan, baita irakasleengan ere: «Gainera, horrek gure zeregin nagusia, irakaskuntza, kentzen digu irakasleoi, eta entrenatzaile, coach, psikologo edo aisialdiko begirale bihurtzen gaitu; ez gara, eta ezin gara izan». Hain zuzen, liburuan beren-beregi aritu da «biraketa emozionalaz eta hiperpsikologizazioaz».
Eta hiru: eskolak ez duela esku hartzerik ikaslearen «berezko eta jatorrizko nortasunean», beraien izaera, erritmoak, gurariak... errespetatu behar dituela. «Gauza asko esan daitezke honen harira, eta liburuan batzuk esan ditut. Funtsezkoa zera da: nortasuna, iritziak eta askatasuna bera ez direla ume batengan abiapuntua, baizik eta prozesu baten emaitza, sozializazioaren emaitza, eta hor erabakigarriak dira hezkuntza eta irakaskuntza».
Merkatuaren zerbitzura
Hori guztia ez da ausazkoa, Maldonadoren esanetan. Zein interes daude, bada, atzean? «Neoliberalismoaren eta azken kapitalismoaren beharrizanak daude tartean. Zer behar du merkatuak? Horren arabera antolatzen ari dira hezkuntza sistema, argi eta garbi. Hori oso ondo egin nahi izan dute, eta hizkera aurrerakoi batekin bildu dute, eta hizkera horrek jende asko liluratzen du».