Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

Pedro Elosegi jeltzalea Arabako Biltzar Nagusietako presidente

Hamasei urte dira EAJk ez zuela presidentetza lortzen.EH Bildu, PP, Ahal Dugu eta PSEkoak dira mahaikideak.EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabazi batu egin dira PPri lehen lehendakariordetza kentzeko

Jose Javier Bizarro, Elena Lopez de Lacalle, Pedro Elosegi, Marta Alaña eta Julia Liberal mahaikideak. RAUL BOGAJO / ARP.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Arabako Biltzar Nagusiek badute presidente berria: Pedro Elosegi jeltzalea. EAJren eta PSEren 18 botoekin hautatu dute mahaiburu. Hala, Elosegik lekukoa hartu dio Juan Antonio Zarate popularrari, azken bi legealdietan Biltzar Nagusietako presidente izan denari. Kolore askotako mahai baten buru izango da jeltzalea, EH Bildu, PP, Ahal Dugu eta PSEko kide bana izango baitira mahaiko kideak. Irabazi eta Ciudadanos, berriz, ordezkaritzarik gabe geratu dira.

Arabako Biltzar Nagusietako presidentetzarako hautagai bakarra aurkeztu dute osoko bilkuran: EAJrena. PPk, berriz, ez du bete herenegun iragarritakoa, eta ez du proposatu mahaiburu izateko hautagairik. Ezustea, baina, mahaiko kideen aukeraketan egon da, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Irabazik euren botoak batu baitituzte mahaiko presidenteorde lehena PPri kendu eta koalizio abertzalearen esku uzteko. Ohikoa izaten da boto gehien jasotako alderdiak postu hori eskuratzea, baina EH Bildu hirugarren indarreko Elena Lopez de Lacallek hartu du tokia azkenean. Horrela, PPko Marta Alañak bigarren presidenteorde kargua beteko du. Lehen idazkaritza, berriz, Jose Javier Bizarro Ahal Dugu-ko biltzarkidearentzat izan da, eta bigarren idazkari postua, berriz, PSEko Julia Liberalentzat.

Hamasei urte joan dira EAJk Arabako Biltzar Nagusietako presidentetza azkenekoz eskuratu zuenetik. Izan ere, 1995tik 1999ra Jose Manuel Lopez de Juan Abad jeltzalea lehendakari izan zenetik, PSEren eta PPren esku egon da postu hori. Hala, Elosegi Biltzar Nagusietako hamargarren legealdiko hamargarren presidentea izango da. 55 urte ditu, eta musika irakaslea da lanbidez. Hamabi urte daramatza biltzarkide gisa, eta laugarren legealdia izango du hau. Zarate ez bezala, euskalduna da Biltzar Nagusietako presidente berria. Eta euskaraz eta gaztelaniaz egin du presidente modura eman duen lehen hitzaldia.

«Harrotasunez eta apaltasunez» hartu du kargua Elosegik, eta «ohoretzat» jo du bere gain jarritako ardura. Arabako Biltzar Nagusietan akordioak lortzeko «hitza eta elkarrizketa» erabiltzearen alde agertu da, erakundeak duen aniztasunaren seinale. «Iritzi ezberdinak batzen dira hemen, eta, ezberdintasun horretatik abiatuz, adostasun politikoak lortu behar ditugu». Haren ustez, arabarrek eurengan jarritako konfiantzak berekin ekarri beharko ditu akordio politikoak. Eta lan hori «gardentasunez» eta «gertutasunez» betetzera animatu ditu biltzarkideak. Hiru erronka nagusiei heldu beharko dietela gogoratu die: Arabako eskualdeen arteko «oreka» lortzea, arabarren eskubideak bermatzea eta krisialditik irtetea.

PP, haserre

Saioaren ostean, haserre mintzatu da Javier de Andres jarduneko ahaldun nagusia (PP). Kritikatu duenez, EAJren helburu bakarra Arabako erakundeetan karguak lortzea da, eta mahaiaren eraketan islatu egin da haren «ahuldadea». EAJren eta PSEren arteko botoen batuketa ez dela nahikoa uste du De Andresek, eta esan du presidentetza PPren esku egotea zela «zentzuzkoena».

Bestelako iritzia agertu du Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko eledunak. Haren ustez, mahaian izandako bozketak PPren «bakardadea» islatzen du, eta lehen presidenteordea EH Bilduk eskuratu izana «ezkerreko indarren arteko konplizitateari» esker lortu da, eta «naturaltasun osoz» ulertu behar da.

PPren kexuari dagokionez, Ramiro Gonzalez EAJko bozeramaile eta ahaldungai nagusiak erantzun du eserleku kopuruari dagokionez EAJ dela lehen indarra Araban eta hari dagokiola mahaiburu izatea. Jakinarazi duenez,Arabako foru gobernuari egonkortasuna emateko EAJren eta PSEren arteko negoziazioak «oso aurreratuta» daude, eta litekeena da datorren asterako akordioa itxita egotea.

Hilabeteko epea dago orain Arabako ahaldun nagusi berria aukeratzeko, baina, ziurrenik, uztailaren 3a baino lehen egingo da inbestidura saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.