Pedro Sanchez izan da gaur PSEren kongresuko protagonista nagusia. Eguerdian hartu du hitza Espainiako sozialisten buruak, eta, besteak beste, independentzia aldarrikapenak izan ditu hizpide. Sanchezek ohartarazi du halako mugimenduek "banaketa sustatzen" dutela eta, horiek hala, sozialistek federalismoaren alde egingo dutela. "Espainian estatu moduan beti elkarrekin eta bat eginda egin izan dugu aurrera; horregatik, Katalunian piztu den estatu krisiaren aurrean zentzuz eta ausardiaz jokatu behar da".
Bide batez, abortu legearen aurka egiteko ere baliatu du Sanchezek agerraldia, eta eskatu dio Mariano Rajoy presidenteari Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroari "dimitituarazteko" eta abortuaren legea "tiraderan ondo ixteko".
Bestetik, gaur arte erakundeko idazkari izan denak, Rodolfo Aresek, politikagintzako lehen lerroa uztea erabaki du, 30 urte luze iraun duen "aro baten amaiera" dela nabarmenduz. Egindakoaz "harro" dagoela adierazi eta "terrorismoari aurre egin" dioten "heroi anonimoak" goraipatu ditu.
Patxi Lopezek ere alde batera utzi du legebiltzarkide kargua Madrilera joateko. Agur hitzaldian nabarmendu du sozialistek Espainia eta Euskadirako defendatzen duten eredu federala dela "mundu osoaren erreferentzia". Haren esanetan, izan ere, "nortasunak batzea, eta ez banatzea" da helburua, "soilik bat eginez geureganatuko dugulako etorkizuna".
Lopezen ordezkaritza hartuko du bihar Idoia Mendiak. Buruzagitzako beste kideen izenak, berriz, gaur gauean emango dituzte jakitera.