Batera-ko talde eragileko kidea

Peio Jorajuria: «Ez dugu dudarik prest izanen garelarik Parisen bideak atzemanen ditugula»

Jorajuriak uste du instituzio bilakaeraren aldeko gehiengo bat dagoela Ipar Euskal Herrian. Instituzio eredua eta eskumen maila finkatzea da duten erronka nagusia.

Peio Jorajuria, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Peio Jorajuria, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko maiatzean birfundatu zuten Batera plataforma, eta ordutik lanean ari dira Ipar Euskal Herriko instituzio bilakaera bultzatzeko. Estatus bereziko lurralde elkargo bat hobesten dute, baina proiektua adostu eta idatzi behar dute oraindik. «Beranta» dutela uste badu ere, baikor agertu da Peio Jorajuria (1979, Azkaine, Lapurdi) talde eragileko kidea. 

Zer mugitu da Batera-ren birfundaziotik?

Bagenekien behar genuela berriz gehiengo sozial bat atzeman eta eraiki, eta agertu da hastapenetik gehiengo hori beti hor zela. Froga ukan dugu udan berean Ipsosen galdetegiarekin, non agertzen den Ipar Euskal Herriko biztanleen %62 estatus bereziko lurralde kolektibitate baten alde direla.

Zer sinesgarritasun dute halako inkestek?

Badu sinesgarritasun handia; gehiengo hori atzeman dugu urte batez ibili garen toki guztietan. Printzipiozko sostengu pasibo bat da, eta gure erronka da sostengu aktibo bilakatzea. Badugu potentziala: 2017an hirigune elkargoa sortzeak ez ditu ase ez herritarrak, ez elkarteak, ez politikariak. Urrats handia izan zen, lehen instituzio bat baitzen; ikasi dugu elkarrekin lurralde gisa lan egiten, eta hainbat proiektu aitzinatu dira, baina tresnaren mugen kontzientzia badugu denek. Orain, estatus bereziko lurralde kolektibitateari bidea egin behar diogu, eta lortu erdiko epe batean gauzatzea.

Herriko bozen kanpainan hautagaiengana jo zenuten. Ze babes duzue kargua hartu dutenen artean? 

Arrakasta biziki ona izan dugu. 250 hautagaik erantzun zuten galdetegia, gehiengo zabala osoki alde agertuz. Batzuek aitortu zuten ez zutela iritzi eginik, baina nehor ez da kontra agertu. Jean Jacques Lasserre [Pirinio Atlantikoetako departamenduko presidentea] izan da bakarra. Anitzek erran digute lurraldea ez zela prest, eta eztabaidatu behar zela. Behar den astia behar dugu hartu proiektu komun bat bultzatzeko. Diagnostikoarekin denak ados dira: hirigune elkargoak mugak ditu, demokrazian, konpetentzietan, funtzionamenduan. Helep Herriarteko Lankidetzarako Erakunde Publiko bat besterik ez da, eta ez da aski lurralde proiektu bat gauzatzeko. Gainera, 158 herrien artean inertzia handiko tresna da. Badira beste estatus batzuk egokiagoak.

«Hirigune elkargoak bere gain hartu behar du bilakaera instituzionala. Eskatu dugu izenda dezatela horren kargua ukanen duen hautetsi bat, izan ditzala lantalde bat eta baliabideak, eta manatu ditzala ikerketa juridikoak eta teknikoak trantsizio hori prestatzeko»

Lanketa hori egiteko eskatu diozue hirigune elkargoari. Ze aldaketa ekar ditzake lehendakari berriak?

Hirigune elkargoak oreka berri bat atzeman beharko du lehendakari berriaren inguruan. Baina badakigu gaiak sostengu handia duela. Guk, argiki, eskatu diogu bere gain hartzea borroka horren bere partea. Guk lan eginen dugu gizarte zibilarekin, elkarteekin eta zenbait egiturarekin. Baina hirigune elkargoak berak bere gain hartu behar du bere bilakaera instituzionala. Eta, horregatik, eskatu dugu izenda dezatela horren kargua ukanen duen hautetsi bat, izan ditzala lantalde bat eta baliabideak, eta manatu ditzala ikerketa juridikoak eta teknikoak trantsizio hori prestatzeko. Erronka handia da. Hirigune elkargoak bere gobernantza kudeatu eta antolatu behar du, baina etorkizunari begira egin behar da, ondoko urratsak prestatzeko: estatus bereziko lurralde kolektibitatea.

Abiatu dituzuen gogoetetan, zer eskematara iritsi zarete?

Baditugu kontsentsu puntu aski zabalak. Lehena: hirigune elkargotik abiatu nahi dugu estatus bereziko lurralde kolektibitate bilakatzeko; administrazioa sinplifikatzeko eta eraginkortasun handiagoa lortzeko helburuarekin. Bigarrena: boto zuzena. Sekulako aitzinamendua ekarriko du demokrazia aldetik, lurralde proiektuen inguruko eztabaida izanen baita. Herriko bozetako kanpainan gutxik aipatu dituzte elkargo mailako eztabaidak, lurraldearen etorkizuna. Aitzinamendu handia ekarriko du parekotasunari buruz ere; ez dugu ukanen gaur egungo desoreka organo erabakitzaileetan.

Beldurra ere sortzen du.

Lortu behar dugu funtzionamenduan ziurtatzea herriek ordezkaritza izatea, eta bide desberdinak ikertu ditugu. Sortzen ahal da bigarren ganbera gisako bat non biltzen diren herrietako ordezkariak eta kontrabotere bat egiten duten boto zuzenetik atera hautetsiei buruz. Aske gara asmatzeko, herri eta hautetsi mota guztiek ukan dezaten beren tokia: lurralde mailan planifikazioa, programazioa eta etorkizuna landu nahi duten hautetsiak, eta baita bere herria kudeatu nahi duten hautetsiak ere. Badira sistemak denak gogobetetzeko eta denen beharrei erantzuteko.

BATERA plataformaren biltzar nagusia, maiatz hasieran, Itsasun. PATXI BELTZAIZ
Batera plataformaren biltzar nagusia, maiatz hasieran, Itsasun. PATXI BELTZAIZ
2012an egindako lanetan bermatzen zarete. Instituzio berri horrek zer eskumen bereganatu beharko lituzke eta zer eskala administratibotan litzateke?

Badira eredu desberdinak, eta oraingoz denak mahai gainean ditugu. Aipatu dugu anitz Lyongo Metropoliaren eredua. Frantziako estatus bereziko lurralde kolektibitate bakarra da hirigune elkargo baten eskumenak dituena. Departamenduko konpetentzia guztiak hartu zituzten; hango 58 herriak ez dira gehiago departamenduan egitura juridiko gisa. Guretzat biziki interesgarria da.

2012an zerrendatu genituen zortzi eskumen nagusi. Geroztik ere agertu dira beste gai batzuk: ekintza soziala, osasungintzaren antolaketa, Europako funtsen kudeaketa... Horiek ere lantzen ari gara. Badakigu hainbat gaitan urrats handia egin behar dugula: euskaran, etxebizitzan, kulturan, mugaz gaindiko harremanetan, ekonomian. Instituzio azkar bat ukaiteak ekarriko digu aitzinapauso handi bat. Sinplifikazioa ekarriko du instituzio bakar batek eskumen baten kate osoa kudeatzeak. Departamenduaren eskumen eta egitura guziak hartu edo ez, departamendutik atera, estatuaren zerbitzuak berrantolatu gure eskalan... Horiek denak lan bideak dira.

Ez da finkatua oinarri gisa departamendua gaindituko lukeen instituzio batera buruz joatea?

Gure lehentasuna izanen da gaur egun eta ondoko hilabeteetan eztabaida hori bultzatzea, denek elkarrekin eskakizun hori osatzeko. Anitzek iritzi biziki zehatza dute beharrei buruz. Ez dugu geure burua zentsuratzen, baina eskumen batzuk departamenduak ditu; beste batzuk, eskualdeak, eta beste batzuk, estatuak. Eta horien artean ari gara ikertzen zein liratekeen egokienak gure lurraldearentzat, zeinek ekarriko lukeen egiazko aurrerapauso bat.

«Ez dugu geure burua zentsuratzen, baina eskumen batzuk departamenduak ditu; beste batzuk, eskualdeak, eta beste batzuk, estatuak. Eta horien artean ari gara ikertzen zein liratekeen egokienak gure lurraldearentzat»

Bi zailtasun daude hor: departamenduaren tokia hartzeak Pauen eragin dezakeen oposizioa eta lurralde kolektibitate bat sortzeko Frantziako Asanblean lege bat bozkatzeko beharra. 

Lehena hitz eginez konpon daiteke, eztabaidatuz. Batzuk beldur dira, beste egitura batzuek eskumenak galduko dituztelakoan, botere gutxiago izanen dutelakoan. Baina ikusi dugu dena eztabaidagarria dela eta badirela irtenbideak, nehor kaltetu gabe.

Baina Lyonen bazen adostasuna, eta oraingoz, hemen, Laserre kontra da.

Kontra mintzatu da, baina bakarrenetarik da. Ikusi ditugu herriko bozetan hainbat auzapez, departamentuko kontseilari direnak ere, eta gehienbat zera erran dute, eztabaidatu behar dugula. Hori seinale biziki positiboa da, ateak ez baitituzte hesten. Hautetsi horiek ez dira instituzio baten hautetsi, lurralde baten hautetsi dira, eta pentsatzen dugu lurraldearen interesak beste interesen aitzinetik pasatzeko gaitasuna badutela ere.

Eta Parisen?

Gehiengoa lortu behar da. Azken urtean, Senatuan edo Asanblea Nazionalean halako zenbait aipatu dira: Kaledonia Berria, Korsikako autonomia prozesua ondoko asteetan, Lecornuren deszentralizazio legeak... Alsazia ere biziki interesgarria izan da: gobernuak atea itxi zien eskualdetik ateratzeko, baina gehiengo politiko aski zabalarekin lortu dute lege proposamen bat agendan markatzea eta bozkaraztea. Lehen irakurketan, gehiengoa lortu, eta pasatu da. Ondoren, Senatutik pasatu behar du, eta segur aski Asanblea Nazionalean izanen da beste irakurketa bat, bigarrena. Baina horrek guztiak erakusten du badela leiho bat horrelako gaiak Parisera eramateko.

Gu gaur egun ez gara oraindik prest, eta argi izan dadila: berantean gara beste lurraldeei konparatuz. Ez baitugu oraindik gure proiektu marraztua, ez dugu lurralde mailan adostutako proiektu idatzi bat. Baina hori aski fite egin daiteke. Ez dugu dudarik prest izanen garelarik Parisen bideak atzemanen ditugula.

Batera plataformaren agerraldia, apirilean, hirigune elkargoaren egoitza aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Batera plataformaren agerraldia, apirilean, hirigune elkargoaren egoitza aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Urtarrilean hamar urte izanen ditu hirigune elkargoak.

Ondoko hilabeteetan eragile sozialekin lan egin nahi dugu. Aldarrikapen sektore guzien itzulia egin behar dugu, eta berriz bateratu indar horiek guziak. Badugu asmorik hamargarren urteurrena markatzeko, eta baliatu nahi dugu errateko gu prest gaudela ondoko etapara pasatzeko.

Beste hauteskunde ziklo bat dator: presidentetzarako, departamendurako, eskualderako...

Aukera ematen dute gaia aipatzeko, posizioak mugiarazteko. Baina badakigu hauteskunde horietan behar dugula ahal bezainbat aho batez mintzatu; proiektu amankomun bat aurkeztu eta gero, bakoitzak bere alderdi, bere estrategia politikoen bidez aitzinaraziko du edo ez. Baina gu azkar baldin bagara lurralde gisa, gaia karrikan eta eragile sozialen artean presente baldin bada, pisua ukanen dugu eragiteko eta ate berriak irekitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA