Zehazki, honakoak dira Alde Askotako Gogoeta Mahaian parte hartu duten pertsonak: PSE-EEko Alberto Buen, IUN-NEBko Gines Cervantes, EAJko Ina Etxebarria, Aralarreko Iñaki Aldekoa, EAko Javier Caño, PSNko Jose Luis Castejon, EBko Julia Madrazo, CDNko Mikel Armendariz eta PPren pentsaeratik hurbil dagoen Ramon Mugica independentea. Halaber, Mariano Ferrer kazetaria izan da moderatzailea, eta Elkarri-ko Jonan Fernandezek eta Paul Riosek ere parte hartu dute eztabaidagune horretan.
Era berean, Batasunako ordezkari batek parte hartu zuen mahaiaren lehen bileran, baina egitasmoan aurrera ez jarraitzea erabaki zuen. Hala ere, alderdi horrek mahaiaren lanen informazio zehatza jaso duela jakinarazi du Elkarri-k, eta harreman "erraza eta errespetuzkoa" izan dutela Batasunarekin.
PPri eta UPNri dagokionez, lehendabizikoak ez zuen Elkarri-rekin bilerarik eduki nahi izan, ezta egitasmoa aurkezteko ere. Bigarrenekin, berriz, proposamena aurkezteko modua izan zuten, baina foroan parte hartzeari uko egin zion. Hala ere, mahaian erabakitakoaren berri izan du aldizka UPNk.
Elkarrizketaren aldeko gizarte mugimenduak nabarmendu du mahaiko pertsona guztiek "maila pertsonalean" parte hartu dutela, eta gaur aurkeztu duten txostenak ez dituela "ez aholkulariak, ez euren alderdiak konprometitzen".
Funtsean, txostena alderdien arteko elkarrizketa abiarazteko aurretiko akordioa izatea nahi du Elkarri-k, eta ekarpen irekia dela azpimarratu du. Hurrengo asteetan gizarteari, alderdi politikoei, erakundeei eta gizarte eragileei aurkeztuko die ekarpena, eta horren ondoren Alde Askotako Elkarrizketa Mahaia berriro bilduko da emaitzak aztertzeko.
Euskal Herriko gatazka