Pentsiodunen mugimenduak txosten bat aurkeztuko dio EAEko Fiskaltzari, COVID-19a hedatu zenez geroztik menpekotasun egoeran dauden edo zahar etxeetan izan diren hainbat kasu jasotzen dituena. Dagoeneko Arartekoari aurkeztu diote, eta gaur fiskalarekin biltzeko aurreikuspena zeukaten, baina, oporraldia dela medio, irailaren 7ra atzeratu behar izan dute bilkura. Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean bildu dira gaur txostenaren nondik norakoak azaltzeko.
Pentsiodunek zehaztu dutenez, pandemiako hilabeteetako testigantzak eta datuak biltzen ditu txostenak. Datu eta testigantza horiek «giza eskubideen urraketak» direla azaldu dute. Txostenean, herrialdez herrialdeko azterketa egina dago, eta, horren bidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako analisi orokorra jasotzen du. Azaldu dute eragile sozialekin, langileen ordezkariekin eta zahar etxeetakoekin elkarlanean aritu direla azterketa egiteko.