Juan Ignacio Perez Iglesias da EHUn hurrengo lau urteetan errektore izateko hautagaietako bat -Antonio Vera da bestea-, eta, gaur esan duenez, hauteskundeak berak irabazten baditu, euskaraz eta gaztelaniaz ikasketa kopuru bera izango da. Horrek ez du esan nahi edozein ikasketa euskaraz eta gaztelaniaz ikasteko aukera egongo denik. Ingelesari ere garrantzia emango dio. "Ez beste bi hizkuntz ofizial haien adinakorik, baina bai esanguratsua", adierazi du Perez Iglesiasek. Ikasleei ikasgairen bat ingelesez izateko aukera jarri nahi die gaur egungo errektoreak.
Unibertsitatean ere aurrerantzean gero eta etorkin gehiago egongo direla-eta, horrek erakundean zer eragin izango duen jakiteko azterketa egingo dutela jakinarazi du, bide batez.
Perez Iglesiasen beste asmo batzuk: ingurumen estrategia propioa egitea, lan postu gehiago sortzea -irakasleak, irakasleen laguntzaileak eta ikertzaileak-, "burokraziaren aurkako" plangintza egitea...
Maiatzaren 22an izango dira EHUko hauteskundeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kanpusetan. Bi hautagai baino ez direnez aurkeztu, itzuli bakarrera izango dira. 50.000 ikaslek, 4.500 irakaslek eta administrazio nahiz zerbitzuetako 1.500 langilek izango dute botoa emateko aukera.
Perez Iglesiasek (Salamanca, Espainia, 1960) lau urte egin ditu EHUko errektore gisa. 2004ean bigarren itzulian garaitu zuen Iñaki Antiguedad. Iglesias biologian lizentziaduna (1982) eta doktorea da (1986). EHUn egin zituen ikasketak. Vera (Murtzia, 1955) Aljebra matematikan katedraduna da. Antiguedadek aurtengo hauteskundeetan ez parte hartzea erabaki du, nahiz eta eztabaidarako tartea zabaldu nahi duen.
Unibertsitatea
Perez Iglesias: "Euskaraz eta gaztelaniaz ikasketa kopuru bera izango da EHUn"
Eskaintza hori egin du hurrengo lau urteetan errektore izateko hautagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu