Espainiako Poliziaren bi perituek deklaratu dute gaur Madrilgo Auzitegi Nazionalean Alakrana ontzia bahitzeagatik epaitzen ari diren bi somaliarren aurkako epaiketan. Perituek esan dute ontzia bahitu zutenek eta Al Kaedak ez dutela elkarren artean loturarik, ez dituztela motibazio, ekintza eta helburu berberak, eta lotune bakarra indarkeria erabiltzea dela.
Piratak, hala ere, oso ondo antolatuta zeudela gaineratu dute. Cabdullahi Cabduwily Abdu Willy eta Raageggesey Hassan Aji auzipetuak zihoazen ontzian Alakrana-ko marinelenak ziren hainbat sakelako telefono aurkitu zituztela ere esan dute, bat bahitzaileek erabiltzen zutena, eta besteak bahituenak. Mediku batek, gainera, Abdu Willy izenekoak atxilotu zuten uneann gutxienez 19 urte zituela esan du, eskuari egindako erradiografia bat froga gisa aipatuz.
Alakrana-ko sukaldariaren laguntzaileak eta marinel batek ere deklaratu dute, eta auzipetuak bahitzaileen artean zeudela esan dute. Hain zuzen, erasoa jo zutenen artean zeudela deklaratu dute, eta Alakrana utzi zutenean barre artean agurtu zituztela. Deklaratzen hurrengoa Kepa Etxebarria armadorea izango da. Hilaren 11n deklaratuko du.
Fiskalak 220 urteko espetxe zigorra eskatu du bi auzipetuentzat.