'D3M eta Askatasuna auzia'. Epaiketa

Perituek erakutsi dute bertsio kontrajarriak dituztela

«Lotura ekonomikoa» ukatu egin dute, eta agerian utzi dute sumarioan ez dauden agiriak erabili dituztela

Arantza Urkaregi eta Amparo Lasheras, atzo, Torrejon de Ardozen egindako hitzaldian. JOKIN SAGARZAZU.
jokin sagarzazu
Madril
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Auzipetuen aurkako froga zehatzik ez daukatela erakutsi dute fiskalak peritu gisa aurkeztutako poliziek, eta atzo agerian utzi zuten euren artean ere ez direla ados jartzen. Hamahiru auzipetuak ETAko kide edo kolaboratzaile direla frogatzeko fiskalak erabili duen oinarrietako bat —ekonomikoa— gezurtatu egin dute laugarren auzi saioan deklaratu duten perituek. Horrekin batera, defentsak aurkeztutako peritu batek agerian utzi du hainbat irregulartasun daudela akusazioaren oinarri diren txostenetan. Peritu horrek erakutsi du itzulpen akatsak ez ezik, sumarioan jaso ez diren dokumentuak erabili dituztela poliziek.

Espainiako Auzitegi Nazionalean atzo deklaratu zuten sei perituekin amaitu da froga periziala. Defentsak, halaber, uko egin dio haren lekukoei, kalifikazio txostenean salatua baitzuen epaimahaiak baztertu egin dituela aurkeztutako lekuko ia guztiak. Hori hala, epaiketa amaitzeko soilik falta da aldeek euren ondorioak azaltzea eta auzipetuek, hala nahi izanez gero, azkenengo hitzak esatea. Gaurko deituta zegoen saioa bertan behera utzi du epaimahaiak; hortaz, datorren asteko ostegunean egingo dute azken saioa.

Froga perizialak egiteko hiru egun behar izan dira, eta soilik fiskalaren galderei erantzun dietepoliziek. Defentsak, berriz, behin izan ezik, uko egin dio galderak egiteari, peritu horiek polizia txostenen egileak direlako, eta, beraz, objektibotasunik ez dutelako lan hori egiteko.

D3Mren edo Askatasunaren bidez, 2009ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan parte hartzeko eskubidea bermatzea zen auzipetuen helburua, lehen saioan adierazi zutenez. Eta xede hori zutela berretsi dute lekukoek zein perituek. Nolanahi ere, fiskalak frogatu nahi izan du auzipetuak ETAren eta Batasunaren esanetara aritu zirela, poliziek bi erakunde horien agirien gainean egindako interpretazioetan oinarrituta eta auzipetuen adierazpen eta jarrerak aztertuta.

Helburu horrekin orduak eman dituzte analisi dokumentala egiten. Atzo parte hartu zuen 19.242 zenbakidun polizia, esaterako, hiru orduz aritu zen 70eko hamarkadatik ETAren eta «haren beso politikoaren» arteko harremanen gainean hark egindako txostena azaltzen. «Hauteskunde guztietan ETAk zehaztu ditu helburuak, eta egin du hauteskundeen emaitzen balorazioa», ondorioztatu zuen, hainbat agiritan oinarrituta; horietako asko sumarioan ez daudenak.

Azken puntu hori agerian utzi zuen atzo defentsak proposatutako perituak. Ardatz Enbeita itzultzaileak egindako froga perizialak erakutsi zuen sumarioan ez direla azaltzen polizien txostenetan aipatzen diren ETAren agiri batzuk. Halaber, eta beste testu batzuen kasuan, paragrafo solteak baino ez direla jaso, itzulpen akatsak dituztela, eta jatorrizko testuan ez dauden hitzak azaltzen direla erakutsi zuen Enbeitak, Jone Goirizelaia abokatuaren zein Vicente Gonzalez Mota fiskalaren galderei erantzunez.

Usteak eta egitateak

Agirien azterketa froga perizialeko oinarrietako bat izan bada ere, poliziek beste elementu batzuk interpretatu dituzte, eta horietatik ondorioztatu auzipetuak «ETAren fronte politiko-instituzionaleko, Batasuneko Mahai Nazionaleko edo Ekineko kide edo kolaboratzaileak» direla. Hala, haien jarduera publikoa eta harremanak ikertu dituzte —poliziek aitortu dutenez, beste auzi batzuk direla-eta, «aspalditik» jarraitzen zieten—. Era berean, eta aurreko saioetan bezala, atzo ere jopuntuan jarri zituzten Bilboko Herrira Aurrera eta Gasteizko Gasteiz Izan elkarteak. Han aurkitutako agiriengatik eta han biltzen zen jendearengatik, Batasunaren «egoitzak» zirela esan zuen atzo 19.242 zenbakidun poliziak.

Peritu horrek aztertu duen beste elementu bat izan da auzipetuen «lotura ekonomikoa». Beren diru kontuen bitartez legez kanporatutako alderdien diruak «deskapitalizatzea» leporatu die, besteak beste, Agurtzane Solaberrietari eta Hodei Egañari. Epaiketaren lehen egunean, baina, auzipetu horiek onartu egin zuten alderdi horientzat lan egin zutela, eta diru hori egindako lanarengatik jaso zutela, betiere legearen barruan.

Eta horixe bera berretsi zuten atzo parte hartu zuten bi perituk ere. Akusazio hori egin zuen poliziak ez bezala, polizia horiek adituak dira finantza analisian, eta ikertu dituzten kasuetan «delitu zantzu bakar bat ere» ez dutela aurkitu adierazi dute. «Eta delitu zantzurik ez badago, ezin da esan diru hori beste alderdi batzuk finantzatzeko erabili zenik», berretsi zuten, defentsak eginiko galdera bakarrean, eta sumarioan jasota dagoen txosten bati erreferentzia eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.