Ostegunean hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean Joseba Permach, Arnaldo Otegi eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideen aurkako epaiketa, eta Permachek gaur adierazi du halako epaiketek ez dutela "ezker abertzalearen apustu estrukturala aldatuko". Jone Goirizelaia defentsa abokatuarekin eta Alvarezekin prentsaurrekoa eman du Permachek gaur, Bilbon.
2004ko azaroaren 14an Anoeta Donostiako belodromoan Batasunaren izenean egindako bake proposamenean "terrorismoa" gorestea, desobedentzia, bilkura ilegalean parte hartzea eta badaezpadako neurriak haustea egozten dizkiete hiru auzipetuei. Fiskalak hemezortzina hilabeteko kartzela eskatzen du eta hamabina urteko inhabilitazioa. Ermuko Foroak, berriz, bosna urteko kartzela eta hogeina urteko inhabilitazioa.
Goirizelaiak adierazi du "benetan Batasunaren jardun politikoa eta bake proposamena epaituko" direla auzitegian.
Permachek azaldu du adierazpen hura berresten dutela, baita Gernikako Akordioa ere. "Negoziazio prozesu baten bidez bake justu eta iraunkorra lortzea da ezker abertzalearen helburua".
Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak defentsaren lekuko gisa deklaratuko du epaiketan. Lehengo ostiralean Goirizelaiarekin bilera egin zuen Donostiako hotel batean, baina abokatuak argitu du ez ziola esan zer deklaratu behar duen eta zer ez.
politika
Permach: "Epaiketek ez dute ezker abertzalearen apustu estrukturala aldatuko"
Ostegunean hasiko da Auzitegi Nazionalean Otegi, Alvarez eta hiruren kontrako epaiketa, 2004an Anoetako ekitaldiko bake proposamenean "terrorismoa" goratu zutelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu