ETAko kideak bahitu eta torturapean galdeketak egiteko Bartzelona inguruan masia bat zutela onartu berri dute Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETA politiko-militarreko kidearen desagerpenarekin zerikusia izan dezaketen Italiako bi preso neofaxistek, baina Perturren familiaren abokatu Martin Auzmendi ez dago oso baikor auziaz, "oso maila orokorrean hitz egin zutelako eta testigantzak ez direlako erabakigarriak izango". Hala ere, bide hori zabaltzea garrantzitsua dela deritzo, gaur Euskadi Irratian esan duenez.
Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Italiako bi haiei galdeketa egiteko baimena lortu zuen martxoaren 10ean, eta asteazkenean egin zien, Erroman. Beste batekin ere hitz egin nahi zuen, baina honek gaitz sendaezina dauka eta ez du deklaratuko.
1976ko uztailaren 23an desagertu en Pertur, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Geroztik gorpurik ez da azaldu eta inoiz ez da argitu zer gertatu zen. Joan den urtean haren sendiak Italian ikerketa zabaltzea eskatu zuen, eta hori dela-eta joan zen Andreu Erromara. Neofaxista haietako batek Italiako epaiketa batean deklaratu zuen "espainiar bat" hil zutela "Frantziako hegoaldean", Espainiako zerbitzu sekretuek aginduta.
Pertur desagertu eta hiru egunera Triple A erakundeak hartu zuen bere gain, eta uztailaren 30ean Batallon Vasco-Español erakundeak hura hil izana errebindikatu zuen. Italiar neofaxistek onartu egin dute Batallon Vasco-Españolekin zuten lotura.
Politika
Perturren familiaren abokatuak dio italiar neofaxisten testigantza ez dela erabakigarria izango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu