Petronor da, alde handiz, ingurumen inpakturik handieneko enpresa

Askotariko ingurumen inpaktuak adierazle bakarrean integratzeko sistema bat sortu du EHUko Ekopol ikerketa taldeak. Klima aldaketak du pisu handiena kalkulatu duten ingurumen eragin osoan.

Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko maiatzaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Giza jarduerak ingurumenean sortzen duen kutsadura neurtzea prozesu konplexua da oso, baina eragin hori zenbakitan jartzeko erronkan aurrerapausoak ematen ari da EHUren Ekopol ikerketa taldea. Jon Iñaki Sasia, Gorka Bueno eta Iker Etxano ikertzaileak sistema bat garatzen ari dira ingurumen inpaktua kalkulatzeko. Amalur EIS (Environmental Information System) jarri diote izena. Tresna gai da askotariko dimentsioetako analisiak lortzeko, kutsadura datuak, ingurumen inpaktu motak, industria sektoreak eta eremu geografikoak gurutzatuta.

Buenok azaldu duenez, lanaren ekarpen garrantzitsuena zera da, sistemak abiapuntutzat hartzen dituela gai kutsagarrien emisio datuak, eta lortzen duela horietatik ingurumen inpaktua neurtzeko adierazle orokorragoak sortzea. Horretarako, Europako Batasunak (EB) gomendatzen duen LCIA Bizitza Zikloaren Inpaktu Neurketa metodoa erabili dute. Haren bidez, inpaktu mota desberdinak integratu dituzte adierazle orokor bakarrean.

Amalur sistemarekin lor daitezkeen emaitzen adibide argi bat da ikertzaileek Euskal Herriari ateratako argazkia. Enpresa kutsatzaileenen ingurumen eragin metatua neurtu dute, 2007 eta 2022 artean. Horretarako, Europako E-PRTR erregistroan oinarritu dira. Maila batetik gorako isuriak dituzten enpresen datuak biltzen ditu erregistroak. Enpresek airera, lurzorura edo uretara egiten dituzten isuri zuzenei buruzko datuak jasotzen ditu. Orotara, 30.000 industria instalazio baino gehiagoren datuak, Europan.

Euskal Herriko argazkirako, 326 industria azpiegituraren datuak aztertu ditu Amalurrek. Horiek guztiek ingurumenean eragindako inpaktuaren ia %80 dagokie zerrendako 25 kutsatzaileenei. Guztien buruan ageri da Petronorrek Muskizen duen instalazioa (Bizkaia), ingurumen eragin osoaren %25ekin. Haren atzetik dira Total Energies konpainiaren Castejongo (Nafarroa) zentral termikoa (%4,24), Calcinorrek Altzon (Gipuzkoa) duen meatze ustiategia (%3,99), Lemoako (Bizkaia) Cementos Lemona fabrika (%3,86), Galindoko (Sestao, Bizkaia) ur araztegia (%3,85). Deigarria da lehen hamarren zerrendan ageri dela Iberdrolak Pasaian (Gipuzkoa) zuen ikatz bidezko zentral termikoa (%3,15), azpiegitura 2012an itxi bazen ere.

Lurraldeka, Bizkaiak jasan du enpresa kutsatzaileenen inpaktu handiena: %51,7. Nafarroak kaltearen %23 pairatu du, Gipuzkoak %17,8, Arabak %6,32, eta Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak %0,5.

Ekonomia jarduerei erreparatuz gero, berriz, energiarena da sektorerik kutsatzaileena: inpaktu osoaren %43. Petronorri (%25) eta zazpi zentral termikori (%17) dagokie eragin hori, ia osorik. Industria minerala da ingurumen inpaktuaren %19ren erantzule, eta, haren barruan, sei zementu fabrikak hartzen dute ia guztia (%18). Zaborraren eta ur lohien kudeaketari ingurumen eraginaren %12,5 dagokio, eta metalen ekoizpenari %7,9. Zerrendan atzerago ageri dira nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboa (%5,46), paper eta egur ekoizpena (%4,26) eta industria kimikoa (%1,65).

Ingurumen inpaktu osoan zer kutsadura motak eragiten duen aztertuta, berriz, argi dago berotegi gasak eta haiek bultzatzen duten klima aldaketa direla larrienak: inpaktu osoaren %55. Ingurumenaren azidotzeak eragiten du kalte osoaren %10 eta aire kutsadura fotokimikoak %8,5. 

EHUko ikerlariek azaldu dute Amalur sistemak aukera ematen duela ingurumen inpaktuak tokian-tokian duen larritasunaren eta ezaugarrien gaineko ondorioak ateratzeko, izan Europa mailan, izan herrialde, eskualde edo udalerri jakin batera mugatuta. Halako lanabes batek erakunde publikoei egin diezaiekeen ekarpena nabarmendu du Buenok. «Kutsadura kontrolatzeko, lehenik eta behin jakin behar da inpaktuak zein diren. Horretarako, adierazle ulergarriak eta esanguratsuak behar dira, eta uste dugu EBk bultzatutako metodologia oso baliagarria dela horrelako informazioa jasotzeko. Horien bidez posible da analisiak egitea eta jakitea inpaktu zuzenak geografikoki non sortzen diren, zein sektoretan. Lagungarria izan daiteke ingurumen politikak bideratzeko eta irizpideak ezartzeko». Gizartearentzat oro har erreminta garrantzitsua dela uste du, «eztabaida publikoak sortzeko eta ingurumen arazoen inguruan eztabaidatzeko».

Hurrengo urratsak

Ekopolek kalkulatu duen ingurumen inpaktua E-PRTR erregistroan oinarritu da, eta datu horietan zenbatzen dira soilik kopuru jakin batetik gorako isuri zuzenak sortzen dituzten enpresak. Aurrera begira, baina, proiektuak isuri difusoak ere gehitu nahi ditu analisira. Isuri difusoen artean sailkatzen dira E-PRTRn sartzen ez diren industria enpresa txikiek eragindakoak, ibilgailuen emisioak, etxebizitzek eragiten dituztenak, nekazaritzarenak eta abar. Arazoa da emisio horiek ezin direla zuzenean neurtu, eta estimazioak egin behar direla. «Sukalde lan asko eskatzen du», Buenoren esanetan.

Ikerketa taldeak lortu ditu lehen emaitza batzuk, EBren 2008ko datuak aztertuta. Emaitza aurkikuntza bat izan da. «Egiaztatu dugu isurketa difusoen garrantzia oso handia dela. Industria sektorean, industria txikiek ingurumen inpaktu handiak sortzen dituzte. Leku askotan, gainditu egiten dute instalazio handien kutsadura». Buenok azaldu duenez, hori da Euskal Herrian atzeman dutena. «Ibilgailuen trafikoa ere faktore garrantzitsua da, baita eraikinen inpaktua edo eskala handiko nekazaritza intentsiboarena ere».

EBk 2008an egin zituen neurketak oinarri hartuta, ikertzaileek ikusi dute ingurumen inpaktu askoz ere handiagoa sortu zutela industriaren isuri difusoek E-PRTR erregistroan kontu eman behar duten enpresen isuri zuzenek baino: inpaktuaren %35 eragin zuten lehenengoek, eta %26,8 bigarrenek. Nekazaritza jarduera kutsaduraren %11ren erantzule izan zen, etxebizitzak %7,3rena, eta askoz ere handiagoa izan zen garraioak egindako kaltea: inpaktuaren %20.

«Lan honek agerian uzten du giza jardueraren monitorizazioak eta kontrolak garrantzi handia duela gure gizartean; ez bakarrik industria instalazio handiei dagokienez, baita askotan oharkabean igaro daitezkeen beste instalazio txikiago batzuei eta beste jarduera batzuei dagokienez ere», adierazi du Ekopolek bere webgunean.

EHUko taldea lanean ari da orain EBko Copernicus agentziak emisio difusoei buruz bildu dituen azken datuak prozesatzeko. Horri esker, 2022ra arte gaurkotuko dute kutsadura horren eragina, eta ingurumen inpaktuari buruzko analisia osatuko dute. Espero dute aurten argitaratzea lan horren emaitza.

Amalur-EIS sistema garatzen hasi zirenean, ikertzaileak harrituta gelditu ziren beste inork ez zuelako aurretik halako tresna bat sortu. «Ez dugu gurpila asmatu», azaldu du Buenok. Baina Ekopoleko ikertzaileak izan dira eskuragarri dauden isurketa datuetatik eta erregistroetatik ingurumen inpaktu adierazle integratu bat sortzeko sistema bat ondu dutenak, EBk gomendatzen dituen metodologiak jarraituta. Lanabesa ezagutzera eman dute, eta Europako zenbait elkartek interesa agertu dute analisirako eskaintzen dituen aukerengatik. Buenok uste du gero eta ohikoagoak eta erabilgarriagoak izango direla halako neurketa sistemak ingurumen politikak diseinatzeko garaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.