Petronorren findegia geldirik egon da hainbat orduz

Atzo 17:15ean izandako argindar etenaren ondorioz gelditu behar izan dute Muskizko lantegiaren jarduera osoa. Goizaldean hasi dira findegia apurka-apurka eta modu sekuentzialean abian jartzen.

Petronorrek Muskizen duen findegia, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Petronorrek Muskizen duen findegia, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
gotzon hermosilla
2026ko otsailaren 23a
12:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo arratsaldean, jarduera guztiz eten behar izan zuen Petronorrek Muskizen duen findegiak (Bizkaia), eta geldirik egon da zenbait orduz. 17:15ean, etenaldi bat izan zen elektrizitatearen hornidura sisteman, eta findegia argindarrik gabe geratu zen. Horren ondorioz, makineria guztia gelditu behar izan zuten, eta hala egon zen gauera arte.

Enpresak jakinarazi duenez, beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak hartu zituzten, eta ohi baino ke beltzagoa isuri zen findegiak dituen hiru zuzietatik. Petronorren arabera, hori «deigarria» den arren, ez da «kezkatzeko modukoa»; aitzitik, horrek frogatzen du «behar bezala funtzionatu» zutela neurriek, eta beren «eginkizuna bete» zutela.

Argindarra berreskuratu eta unitateak egonkortu ondoren, gaur goizaldean hasi dira findegia apurka-apurka eta modu sekuentzialean abian jartzen. Petronorrek esan du prozesu horretan litekeena dela noizean behin zuzietako sugarra areagotzea eta ke beltza ateratzea, baina nabarmendu du hori ez dela «larria».

Enpresak jakinarazi duenez, abiarazte prozesua ezarritako prozeduren arabera egingo dute. Neurriak hartuko dituzte prozesu horrek ahalik eta zarata txikiena sortzeko, eta isurpenen etengabeko jarraipena egingo dute, «atmosferara ahalik eta gutxien botatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.