Petronorren findegia geldirik egon da hainbat orduz

Atzo 17:15ean izandako argindar etenaren ondorioz gelditu behar izan dute Muskizko lantegiaren jarduera osoa, eta goizaldean hasi dira findegia abian jartzen. Bitartean, ezbeharrak eragindako kutsaduraz ohartarazi du Stop Variante auzokideen plataformak.

Petronorrek atzo eragindako ke laino beltza. STOP VARIANTE
Petronorrek atzo eragindako ke laino beltza. STOP VARIANTE
gotzon hermosilla
2026ko otsailaren 23a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo arratsaldean, jarduera guztiz eten behar izan zuen Petronorrek Muskizen duen findegiak (Bizkaia), eta geldirik egon da zenbait orduz. 17:15ean, etenaldi bat izan zen elektrizitatearen hornidura sisteman, eta findegia argindarrik gabe geratu zen. Horren ondorioz, makineria guztia gelditu behar izan zuten, eta hala egon zen gauera arte.

Enpresak jakinarazi duenez, beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak hartu zituzten, eta ohi baino ke beltzagoa isuri zen findegiak dituen hiru zuzietatik. Petronorren arabera, hori «deigarria» den arren, ez da «kezkatzeko modukoa»; aitzitik, horrek frogatzen du «behar bezala funtzionatu» zutela neurriek, eta beren «eginkizuna bete» zutela.

Argindarra berreskuratu eta unitateak egonkortu ondoren, gaur goizaldean hasi dira findegia apurka-apurka eta modu sekuentzialean abian jartzen. Petronorrek esan du prozesu horretan litekeena dela noizean behin zuzietako sugarra areagotzea eta ke beltza ateratzea, baina nabarmendu du hori ez dela «larria».

Enpresak jakinarazi duenez, abiarazte prozesua ezarritako prozeduren arabera egingo dute. Neurriak hartuko dituzte prozesu horrek ahalik eta zarata txikiena sortzeko, eta isurpenen etengabeko jarraipena egingo dute, «atmosferara ahalik eta gutxien botatzeko».

Kutsadura

Stop Variante plataforma «kezkatuta» agertu da Petronorreko atzoko istripuak eragindako kutsadurarekin. Abantoko (Bizkaia) Las Carreras auzoko estazioan egindako neurketen arabera, atzo, 19:00etan, airean metro kubo bakoitzeko 24,53 mikrogramo bentzeno zegoen, eta 52,14 mikrogramo xileno. «Egunean zehar, maila horretatik oso azpitik egon ziren bentzeno eta xileno mailak. Tximinietatik sugarrak eta ke beltza atera zirenean eman ziren kopuru altuenak», zehaztu dute auzokide plataformakoek.

Gogorarazi dutenez, bentzenoa substantzia kantzerigenotzat hartzen dute osasun publikoko nazioarteko erakundeek, eta esposizio jarraituak osasun arazoak eragin ditzake, batez ere industria guneetatik gertu dauden herrietan. «Ez gaude gertaera isolatu baten aurrean. Sugarrak, ke beltzeko zutabeak eta usain biziak gero eta ohikoagoak dira. Zer gertatuko da 100 MWeko elektrolizagailu berria instalatzen dutenean?».

Petronorrek atzo eragindako ke laino beltza. STOP VARIANTE
Petronorrek atzo eragindako ke laino beltza. STOP VARIANTE

Era berean, horrelakorik gertatzen denean, «berehalako informazio gardena» faltan botatzen du Stop Variantek, baita gertaera horiek herritarren osasunean eragina ote duten argitzeko ebaluazio independenteak ere.

Azpiegitura gehiago

Baina plataformak ohartarazi du arazoa ez dela soilik Petronorrera mugatzen. Inguruan aurreikusitako azpiegitura beste batzuk gehitu behar zaizkio horri, hala nola kamioientzako hidrogeno kargaleku bat, goi tentsioko linea berriak, saihesbidea eta hainbat azpiegitura energetiko eta industrial, «lurraldean presio gero eta handiagoa eragiten dutenak».

«Bizi kalitatea hobetu beharrean, herritarren osasuna, ingurunea eta etorkizuna arriskuan jartzen ari diren proiektuen pilaketa ikusten ari gara. Guztia inguru berean kontzentratzen da, plangintza globalik eta ondorioen benetako ebaluaziorik gabe», salatu dute Stop Variantek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.