Pfizer botika etxeko kontseilari ordezkari Albert Boulak atzo egin zuen iragarpena: COVID-19aren kontra egin duten txertoaren immunitatea erabatekoa izan dadin, «seguru asko» hirugarren dosi bat beharko da. Egun bi dosi jartzen dira, baina txertoek ematen duten immunitatearen iraupenari buruzko dudak argitzeko daude oraindik, eta indartzeko egon daitezkeen aukerak aztertzen ari dira botika etxeak. Boulak esan zuen behin lehen bi dosiak hartu, eta ondorengo hamabi hilabeteetan jarri beharko litzatekeela hirugarren dosi hori. Areago, iragarri zuen, gripearen aurkako txertoa urtero jarri behar izaten den eran, antzeko era batean jarri beharko dela COVID-19aren kontrakoa ere. Moderna konpainia ere ikerketak egiten ari da hirugarren dosi horren gainean.
Oraindik ere ezin da jakin COVID-19aren aurkako txertoek ematen duten babesaren iraupena zein den, baina badira horren berri ematen duten datu batzuk, eta txertoa jarri eta sei hilabetera oraindik ere antigorputzak atzematen direla diote hainbat ikerketak. Pfizerrek eta Modernak egindako txertoen kasuan, behintzat, horrela da. Merkatuan txerto gehiago ere badira, ordea, eta ikusi egin beharko da bakoitzak zer bilakaera duen.
Txertoek izurriaren kontra egiteko estrategietan duten garrantzia ere nabarmendu zuen atzo egin zituen adierazpenetan Pfizerreko buruak: «Oso garrantzitsua da birusarekin kutsa daitezkeen pertsonak urritzea». Birusak izan ditzakeen aldaera berriei aurre egite aldera ere, ezinbestekoak direla gogoratu zuen.
Pfizerren txertoa RNAm teknologia erabiltzen garatu dute, eta COVID-19aren aurka eraginkorra eta segurua dela erakutsi duen lehen txertoa izan da, zientziaren historia osoan azkarren garatutakoa.
Beste hainbat txertok emandako arazoen inguruko albisteak zabaldu dira asteotan, eta Europako Batzordeak asteotan Pfizerren txertoaren aldeko hautua indartu du; akordio bat hitzartu du botika etxearen 50 milioi dosi aurreratu ditzan hiruhileko honetan.