Itsasuko (Lapurdi) aerodromoaren heinean, Palestinarekiko elkartasunezko pintaketa bat ikusten da leku jakin batean. Bada, atzo gauean inskripzio faxistak egin dizkiote gainetik, hiru svastika beltz eta mezu hau: «Hil-islamista-antisemita».
Svastikak ordu arte zegoen pintaketaren elementu bakoitzaren gainetik ezarri dituzte: Palestinako banderaren, ikurrinaren eta idatzitako elkartasun mezuaren gainetik, hain zuzen. Erraterako, bi herrien banderen irudikapenaren ondotik, zera adierazten zuen jatorrizko pintaketak: «Euskal Herria, Palestina, ber borroka».
Israel Palestinan egiten ari den genozidioa dela-eta, gisa bereko hainbat pintaketa agertu izan dira azken urteetan. Kasu honetan, «islamisten» eta «antisemiten» arteko lotura egiten du pintadak, jende multzo horren heriotzaren aipamena eginez. Zehaztekoa da, halere, svastika naziak agerrarazi dituztela ondoan. Alde horretatik, idazki «arrazistak, islamofoboak eta antisemitak» salatu ditu Informazio Antifaxistak bere sareetan.
Bide batez, kontuak oroitarazi du halako ekintzak «ez direla hutsalak, ezta kalte soilak ere», baizik «gorroto diskurtsoak normalizatzen laguntzen» duten taktikak.
Bide beretik, Itsasuko Goxoki gaztetxeak ere gertakariak salatu eta «faxismoari aurre egitera» deitu ditu herritarrak.