Aldizkari feministak ohar baten bidez salatu duenez, esaldi horixe bera askotan errepikatzen du Vox eskuin muturreko alderdiak. Ez da Pikara-koek eraso faxista eta sexista bat jasaten duten aurreneko aldia. Urrutira joan gabe, duela bi aste pasa ere nozitu zuten antzeko eraso bat.
Pikara-ren arabera, Ertzaintzarengana jo zuten eraso haiek salatzera, eta Ertzaintzak ohartarazi zien ez zirela «kasu bakan bat», eta gisa horretako eraso gehiago pairatuko zituztela. Aldizkariak dioenez, alderdi faxista baten gazte taldeak sinatzen ditu.
Faktoria Lila espazio feministaren egoitzari ere egin diote eraso. Pikara-ren kale berean du egoitza, parean ia, eta 52 zenbakia pintatu dute pertsianan, gainean zakil bat duela. Irantzu Varela Faktoria Lilako koordinatzaileak ondorioztatu du 52 zenbakiak Vox eskuin muturreko alderdiak Espainiako Kongresurako hauteskundeetan lortutako diputatu kopurua adierazten duela.
Hain zuzen, Varelaren beraren aurkako pintaketa bat egin zuten atzo ere. Ea da gisa horretako eraso bat jasaten duen aurreneko aldia: urri hasieran ere egin zituzten, eta, gainera, haren datu pertsonalak hedatu zituzten sare sozialetan. Varelak bideo bat argitaratu du Twitterren, eta adierazi du «alaitasuna» izango dela «mendekua». Nabarmendu du, gainera, ez dela "beldur", eta faxismoari «barre egitera» deitu du.
Berriz ere erasotu dute Pikarako egoitza.
— Bilgune Feminista (@ehbfeminista) November 12, 2019
Elkartasun osoa gure kide feministei!
Eraso faxisten aurrean antolakuntza feminista! https://t.co/7FDvky13Xt
Erasoa ENAren egoitzan
Gaur goizean Espainiaren aldeko pintaketa bat agertu ENA Euskal Nortasuna Elkartearen egoitzan ere, Bilboko Abando auzoan: "Gora Espainia" jartzen du pintaketan. Horrez gain, elkarteko kideek salatu dutenez, haiek darabiltzaten ikur batzuk ere ezabatu dituzte; esate baterako, Zazpiak bat leloa.
Hala ere, ENAko kideek azaldu dute pintaketek lanean jarraitzeko "gogo handiagoa" ematen dutela. "Bide zuzenetik goazela erakusten digute; izan ere, herritarrentzako euskal nortasun agiriak egiten ditugu, eta horrek euskal kontzientzia suspertzen laguntzen du", gaineratu dute.
Elkartea 1997ko urrian sortu zen, eta helburu nagusia “euskal nortasunaren kontzientzian” sakontzea zen. Horretarako, euskal nortasun agiria egiteko aukera eskaintzen du, besteak beste.