Donostiako Aste Nagusia

Piratek kaian jarriko dute jai gunea

Larunbatean prentsaurrekoa eman zuten kaia erabiltzeko Eusko Jaurlaritzak ezarritako debekua salatzeko; Jaurlaritzak ukatu egin zuen debekurik ezarri izana.

2014ko uztailaren 28a
14:12
Entzun

Donostiako piratek salatu egin zuten larunbatean emandako prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritzatik gutun bat jaso zutela eta La Flamenka gunea kaian ezartzeko baimena ukatu egin ziela.

Jaularitzako Ingurumen Sailak kaleratutako oharrean ukatu zuen debekua ezarri zuenik eta azaldu zuen segurtasun arauak betetzeari buruzko informazio gehiago besterik ez zuela eskatu. Era berean, prest agertu zen Aste Nagusirako jai jardueretarako portua erabiltzen uzteko, “segurtasuna bermatzen den bitartean”. 

Donostiako piraten bozeramaile Batiste Ezeiza elkarrizketatu dute Info7 irratian. Bertan esan du, eskutitzak argi uzten duela baimena ukatzen zaiela, eta harridura adierazi du jaurlaritzak kontrakoa esan duelako, aipatuz BERRIAk atzo argitaratutako informazioa. Baimena ukatzeko, gainera, "aitzakia teknikoak" erabiltzen dituztela esan du, eta ohartarazi du aurreko urteetan bete egin dituztela aipatzen diren baldintzak.

Abordatzeari dagokionean segurtasun neurriak "ulergarriak" direla esan du, hartu duen dimentsioa kontuan izanik, baina ohartarazi du piratak gizarte eragile bat direla eta ezin zaizkiola baldintzak eskatu "enpresa pribatu bati eskatzen zaizkion neurri berean", eta esan du "herrritarrei herria erabiltzeko erraztasunak eskaini behar" dizkietela instituzioek.

Hala ere, ziur agertu da Ezeiza: "ziur gaude aste honetan zehar argituko dugula hau", eta zera adierazi du: "ez dugu dudarik Aste Nagusia portuan egingo dugula".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.