Indarkeria matxista

Piratek salatu dute gutxienez 11 sexu eraso izan zirela atzo Donostian

Bertan behera utzi dute gaurko egitaraua. "Festetan parte hartzen dutenen %50en segurtasuna eta askatasuna bermatu ezin badira, ez dago festarik". Manifestazio jendetsua egin dute arratsaldean.

Donostiako Aste Nagusian atzo izan ziren sexu erasoen kontrako manifestazioa, gaur, Donostiako Alderdi Ederren. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2019ko abuztuaren 14a
09:35
Entzun

"Festetan parte hartzen dutenen %50en segurtasuna eta askatasuna bermatu ezin badira, ez dago festarik". Donostiako Piratak argi mintzatu dira gaur eguerdian ateratako oharrean. Azken orduetan gutxienez hamaika sexu eraso izan zirela salatu dute. Piratek horietako seiren berri jaso zuten, sexu erasoei aurre egiteko jarritako bideetatik. "Hasieran, bi bortxaketa salatu zizkiguten, eta, protokoloa aktibatu genuen unetik, erasoak bata bestearen atzetik etortzen hasi ziren. Eraso horiek gure gunean gertatu dira: gure artean dabilen jendeak gauzatu ditu. Egoerak gainezka egin zigun atzo, eta ez dugu halako beste egun eta gau bat jasateko indarrik". Horiez gain, Donostiako Udalak beste bi erasoren berri izan du.

Gaur goizean, piratek batzar bat egin dute, eta hor hartu dute erabakia. "Festetan parte hartzen duten %50en segurtasuna eta askatasuna bermatu ezin bada, ez dago festarik". Gaurko egitaraua bertan behera uztea erabaki dute: "Ez dugu horrelako festarik nahi".

Joan den larunbatean hasi zen piraten egitaraua Donostiako Aste Nagusian, eta hilaren 18ra arte dauzkate ekintzak antolatuta.

Ertzaintza, Udaltzaingoa eta Osakidetza ere kritikatu dituzte, bizi izandakoen ondoren uste baitute ez daudela prest biktimei beharrezko babesa emateko, ez daukatela "inolako sentsibilitaterik" halakoak tratatzeko. "Biktima salduta geratzen da egoera hauen aurrean, emozionalki eta baliabide materialei dagokienez". Atzo ospitalera eta polizia etxera joandakoan ikusi ahal izan zuten hori, baita piraten gunean izandako beste eraso batekin ere, gaurko oharrean azaldu dutenez. "Erakundeetatik biktimak salaketa judizialera bultzatu nahi izaten badituzte ere, errealitate bat da salaketa horien nondik norakoek ez diotela biktimari behar duen harrera egiten eta ez dutela hura babesten".

"Indarrak hartu behar ditugu nolabait"

Polizia etxean ikusitako prebentziorako informazioa ere salatu dute, "erasotzaileei aurre egin beharrean biktima potentzialoi kontuz ibiltzeko" esaten dietelako. "Emakumeengan uzten dute ardura guztia [...]. Lekurik seguruena etxea al da?".

Analisi hori eginda, kalera irteteko deia egin dute. Manifestazioa egin dute 19:00etan, Bulebarretik hasita. "Ez gara etxean geratuko. Gauak gureak ere badira, eta etxera bidean libre izan nahi dugu, ez ausart. Borrokan jarraituko dugu, baina bart gaueko egoera ikusita ezin baldin bagara aske eta seguru sentitu, gaurko gunearen itxierari beharrezko deritzogu. Indarrak hartu behar ditugu nolabait, eta honi aurre egiteko hausnarketa bat egin".

Donostiako Udalak bi eraso matxistaren berri eman du goizean, eta elkarretaratze bat egin du eguerdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.