Pirinioez gaindiko errepidearen ibilbidea zehazteko epea hasi da

Adoste faseari ekin diote, dauden aukeren artean behin betiko proiektua erabaki ahal izateko

EDURNE ELIZONDO - AITOR RENTERIA IRUñEA
2006ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
«Elkarlanean, eta koordinatuta». Halaxe hasi dute Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak Pirinioez gaindiko errepidea gauzatzeko prozesua, Nafarroako Herri Lan kontseilari Alvaro Mirandaren hitzetan. Maparen gainean marraztu dituzte esku artean dituzten alternatibak, inguruko jendearen iritziak jaso, proiektuak ingurumenean eraginen lukeen kalteari buruzko txostenak prestatu, eta behin betiko ibilbidea hautatzeko.

102 kilometro luze izanen da errepidea, Euskal Herriari dagokion zatian: 60 kilometro Nafarroan, Iruñea eta Luzaide artean, eta beste 42 kilometro Luzaidetik Ozeraineraino (Zuberoa), Nafarroa Beherea zeharkatuz. Hiru bide izanen ditu errepide berriak, joan den otsailean autobia egiteko aukera bazter utzi baitzuten bi aldeek. 2007. urteko amaiera, edo 2008ko hasiera aipatu ditu Mirandak obrak egiten hasteko prozesua martxan jartzeko datatzat. 900 eta 1.200 milioi euro arteko aurrekontua du proiektu osoak.

1997. urtean hasi zen Pirinioez gaindiko errepidea egiteko proiektua mamitzen. Nafarroako Gobernuak bide horrek duen garrantzia azpimarratu du aukera izan duen orotan. Mirandaren hitzetan, Pirinioez alde bateko eta besteko herriak batzeko proiektu nagusia da Kontseilu Nagusiarekin gauzatu nahi dutena. «Gizarteak eta ingurumenak eskatzen zutena onartu, eta nahiago izan dugu autobia hiru bideko errepide bilakatu, deus gabe gelditzea baino».

Nafarroako Gobernuak herrialdeko bidea zehazteko hainbat aukera aztertu ditu azken hilabeteotan, eta hiru hautatu ditu Iruñea eta Erro lotzeko. Hiru korridore ezberdin dira. Bakarra dago, ordea, Erro eta Luzaide artean, nahiz eta zenbait bide dagoen mahai gainean. Denak inguru berean.

Iruñea eta Erro arteko loturari dagokionez, Lizoainibar zeharkatuko luke hiru aukeretako batek, ekialdekoak. Imarkoain, Urrotz eta Erro lotuko lituzke. 37,4 kilometro luze izanen litzateke bide tarte hori, eta lau tunel beharko lituzke. Erdiko aukera Noain, Egues, Elia, Urritzelki eta Erro artekoa izanen litzateke, 30,8 kilometro luze, eta bost tunelekin. Hirugarren aukera mendebaldekoa litzakete, Noain, Uharte, Zubiri eta Erro artekoa, alegia. 29,5 kilometro luze da bide hori, eta bi tunel beharko lituzke.

Nafarroako bideko bigarren zatia da Erro eta Luzaide artekoa. korridore bakarra dago, baina tokian tokiko aldagaiekin. 27,5 kilometro luze da tarte hori, eta bost tunel egitea aurreikusten du Nafarroako Herri Lan Sailak.

Aukera horiek guztiak mahai gainean, hilabete bateko epea zabaldu dute orain Nafarroako Gobernuak eta Kontseilu Nagusiak proiektuak ukitzen dituen toki erakundeei erakusteko, bai eta sindikatuei, talde ekologistei eta unibertsitateei ere, Nafarroaren kasuan. Jasotako iritziak informazio txostenean bilduko dituzte erakundeek, eta, ondoren, martxan jarriko da proiektuak ingurumenean eraginen lituzkeen kalteen inguruko txostena prestatzeko prozesua. Hamar hilabete inguruko epea izanen da. «Txostena esku artean, behin betiko aukera hautatuko genuke, obrak hasteko. Dena batera eginen dugu bi aldeok», zehaztu du Mirandak.

KONTSEILU NAGUSIAREN PROIEKTUA.Kontseilu Nagusiak Nafarroa Behereko ibilbidea lau ataletan banatu du eta herriko etxeei dagokien atala helarazi die. Adoste fasea izeneko prozedura abiatu du horrela. Herriko etxeek dagokien atala erakutsiko diete herritarrei eta abenduaren 29a arte iradokitzeak egiteko epea ukanen dute.

«Ikusirik Kontseilu Nagusiak xedea isilean burutu nahi duela, erabaki dugu guk aurkeztea, herritarrek jakin dezaten egin nahi dutena», erran du Jean Michel Poxelu Leiako kideak. Nafarroaz gaindiko errepide xedeak 23 herri hunkitzen ditu Nafarroa Beherean, eta bat Zuberoan. 42 kilometro guztira. Horretarako aurrekontua 289 eta 374 milioi euro artekoa da, hautatutako aldagaien arabera. Lau ataletan berezi du ibilbide hori Kontseilu Nagusiak.

Lehen atala Arnegi eta Donazaharre arteko ibilbideari dagokio. Zaro, Arnegi, Uharte-Garazi-Donibane Garazi, Lasa, Azkarate, Izpura eta Donazaharre daude atal horren baitan. 11,6 kilometroko ibilbidea da, eta Kontseilu Nagusiak hegoaldeko xedea hobesten du. 1,9 kilometro oraingo ibilbidea baliatuz eginen dira eta 9,6 kilometro ibilbide berrian. 8,5 kilometrotan bi ildo egonen dira, eta hiru kilometro inguruan, hiru bide. 900 metrotan zubiak eginen dira, 280 metroko tunela eta hiru itzulgune.

Bigarren atalean Buztintze, Lakarra, Gamarte, Ainiza-Monjelose, Izura eta Larzabale daude. Ekialdeko xedearen aurrekontua 33 milioi eurokoa da; mendebaldekoa 28 milioikoa. Kontseilu Nagusiaren arabera, inguruarekiko arta handiena duena da azken hori da. 9,6 kilometro oraingo ibilbidea baliatuz eginen dira, eta 2,7 kilometro ibilbide berrian. Xede hori hautatuz gero, 3,15 kilometro bi bidekoak izanen dira eta 7,73 hiru bidekoak. Lau itzulgune egonen dira.

Hirugarren atalean Jutsi, Arantsusi, Uhartiri eta Larribarre daude. Hiru xede proposatzen dituzte burutzeko, eta aurrekontuak 48 eta 54 milioi euro artekoak dira. Zubiak egonen dira 310 metrotan, eta hiru itzulgune. 10,5 kilometro ibilbidea egiteko Kontseilu Nagusiak ekialdeko xedea hobesten du. 5,2 kilometro oraingo errepidea baliatuz eginen lirateke, eta 5,3 kilometro ibilbide berrian. Bi bidekoa izanen da 1,26 kilometrotan, eta hiru bidekoa 9,2 kilometrotan.

Laugarren atalak Behaskane, Donapaleu, Aiziritze, Arberatze eta Arboiti zeharkatzen ditu. 8,5 kilometro luze da. Aurrekontua 29 milioi eurokoa da. 6,5 kilometro oraingo ibilbidea baliatuz eginen dira, eta bi kilometro ibilbide berrian. Bi bidekoa izanen da 3,2 kilometrotan, eta hirukoa 5,3 kilometrotan, lau itzulgunerekin.

Xedeak 42 kilometroko ibilbidea ukanen du Nafarroa Beherean. 16 eta 21 kilometro artean oraingo azpiegitura baliatuz eginen dira, 26 kilometro ibilbide berrian eginen direlarik. 26 eta 28 kilometro artean hiru bidekoa izanen da bidea, bidearen erdia gutxi gorabehera. Leiaren iritziz, hiru bideko xedearen ehunekoa handiagoa izanen da, abantzu %60.

Zenbakia

1.200

1.200 milioi euroko aurrekontua izanen du proiektuak, Nafarroako Herri Lan kontseilari Alvaro Mirandaren hitzetan. Kontseilu Nagusiak bestelako datuak ditu.

Nafarroako Gobernua. Mirandaren aburuz, 650 milioi euro jarriko lituzke. Kontseilu Nagusiak, berriz, 550.

Kontseilu Nagusia. 800-900 milioi aurrekontua du esku artean, 500 nafarren kontura.

hurrengo urratsak

Nafarroako Gobernuak eta Kontseilu Nagusiak behin betiko proiektua onartzeko prozesua hasi berri dute. Ondokoak izanen dira hurrengo urratsak eta epeak.

Kontsultak

Esku artean dauden alternatibak mapa batean zehaztu ondoren, informazio hori proiektuak ukitzen dituen toki erakundeen, talde ekologisten eta beste hainbat eragileren esku jarriko dute Nafarroako Gobernuak eta Kontseilu Nagusiak, haien iritziak jaso ahal izateko. Hori egiteko hilabeteko epea dago zehaztua.

Ingurumen txostena

Martxoa aldera hamar hilabeteko epea zabalduko dute egun dauden alternatibek ingurumenean eraginen luketen kaltea aztertzeko. Ondoren, behin betiko proiektua aukeratuko lukete.

Leiak mobilizazioak iragarri ditu, errepide egitasmoa geldiarazteko

Isilpean eta herritarrei xedea gordez Lasserrek hiru bideko errepidea egin nahi duela salatu du Leiak
Aitor Renteria

Baiona

«Lasserreren xedea hondamendia da Nafarroa Beherearen garapenerako», erran du Daniel Olzomendi Leiako presidenteak Kontseilu Nagusiaren egitasmoa aurkezterakoan. Ondoko asteotan informazio bilkurak eginen ditu Leiak, eta dagoeneko mobilizazioak iragarri dituzte Nafarroaz gaindiko errepide xedea gaitzetsi eta geldi dezatela eskatzeko.

Otsailaren 22an lau bideko errepidea egiteko xedea bertan behera uzten zuela iragarri zuen Jean Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko presidenteak. Hala ere, batzorde batek errepidea hobetzeko diru sailak bozkatu zituen. Bidea hobetzea eta leku jakin batzuetan autoak gainditzeko hirugarren bide bat eginen zela iragarri zuen orduan Lasserrek.

«Lasserreren hitzak zepoa izan ziren, eta gaur erakusten dugun xedeak, berak egin baina erakutsi ez duena, argiki adierazten du ororen buru hiru lerroko errepidea egin nahi dutela». Kontseilu Nagusiaren jokamoldea salatu du Leiak. Lasserrek jendea ez mobilizatzea nahi duela uste du Leiak.

Lehenik eta behin, lau ataletan zatitu du Nafarroa Beherea zeharkatuko duen egitasmoa. Ez du xede osoa aurkeztu. Herriei dagokien atalei buruzko informazioa bidali die, horrela adoste faseari ekinez. Herritarrek abenduaren 29a arte dute oharrak egiteko.

Leiak dioenez, Kontseilu Nagusiak xedea ez du osorik aurkeztu,eztabaida ekiditeko asmoz. Oharrak helarazteko hilabeteko epea ematea eta Gabonetako opor garaia baliatzea dela horren froga salatu du Olzomendik. «Jendearen mobilizazioa ekidin nahi dute».

Nafarroaz gaindiko errepidearen promotoreek iragarri zuten xedearen %60 egungo azpiegitura baliatuz eginen zela eta gehienik %40 izanen zela hiru bidekoa.

«Alta, promotoreen txostenak aztertuz, argiki ikusten da ibilbidearen %60 bide berrian egin nahi dutela eta, kasurik txarrenean, erdia bederen hiru bidekoa izanen dela», salatu du Jean Mixel Poxelu Leiako kideak.

Ororen buru Nafarroaz gaindiko errepidea kamioien pasabidea eraikitzea dela dio Leiak. Izenak aldatu badituzte ere, behin eta berriz proiektu bera eraiki nahi dutela dio Leiak. Gaur egun 500 ibilgailu, horietan 50 kamioi, pasatzen dira egunero Arnegitik. Kontseilu Nagusiaren arabera, 2030. urtean 9.000 ibilgailu eta 1.700 kamioi pasatuko dira. «Azken datu hori, kamioien kopurua, bitxia da, Kontseilu Nagusiak 2x2 errepidea egiteko iragartzen zuen datu bera delako, baina ez 2030erako, 2015erako baizik», azaldu du Olzomendik. Kontseilu Nagusiak 1998an egin ikerketan kamioi kopuru handiagoa iragartzen zuen, 4.600 hain zuzen ere. «Orain, mirakuluz, bide bat gutxiagorekin kamioi kopuru bera lortzen dute, lehenago iragarritakoak heren batera murriztea lortu duten bezala».

Hiru bidekoa izan ala bikoa, errepidearen eragina izugarria izanen da Leiaren iritziz. Izan ere, bi bideko errepidearen ondoan, ibilgailu geldoentzako bide bat eginen dute, bi metrokoa. Funtsean errepideak 11 metroko zabalera hartuko duela dio Leiak. «Dena prest dute hiru lerrokoa bilakarazteko».

Mobilizazioak antolatzeko eta xedea aztertzeko informazio bilkurak antolatu ditu Leiak dagoeneko. Lehen bilkura Lasan eginen dute abenduaren 8an. Izpuran abenduaren 11n bilduko dira eta Larzabalen abenduaren 13an. Nafarroa Behereko etxe guztietara informazio orri bat bidali du Leiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.