INGURUMENA

Pirinioko hartzek 16 ardi hil dituztela dio Nafarroako Gobernuak

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak 132.000 euro erabili ditu «hartzaren presentzia abeltzaintzarekin uztartzeko»

Sorita hartza, Aspe bailaran. Hori da Franziako Gobernuak Pirinioan askatutako hartzetako bat. FIEP / PNP / RESEAU OURS BRUN
2020ko urtarrilaren 14a
12:22
Entzun

2018ko azaroan Frantziako Gobernuak bi hartz eme Pirinioetan askatu zituenetik, Nafarroako Gobernuak hamahiru erasoaldi erregistratu ditu herrialdean. Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomezek parlamentuan adierazi du hartzek guztira 16 ardi eta lau arkume hil dituztela.

Nafarroako Gobernuak martxan jarritako hartzaren planak azken urtean eginiko ibilbidearen berri eman du Gomezek, talde parlamentarioen aurrean. Kontseilariaren esanetan, egitasmoaren xedea da «hartzaren presentzia eta abeltzaintza intentsiboa uztartzea». Besteak beste, kalte-ordainak pagatzen dizkiete hartzak kalte eginiko abeltzainei: 2018an, esaterako, 1.721 euro ordaindu zituzten bi hartzek hildako lau ardirengatik; 2019an, eraso gehiago erregistratu dira, eta kalte-ordaina ere handiagoa izan da: 4.493 euro, hartzek hildako 12 ardi eta lau arkumerengatik.

Hartzaren planak 150.000 euroko aurrekontua du, baina horietatik 132.000 gastatu dituzte. Kalte-ordainez gain, geolokalizagailuak paratu dizkiete ardiei, «artaldeen ezohiko mugimenduak antzeman eta hartzen presentzia igartzeko». 42 gailu jarri dituzte guztira: artalde bakoitzeko bat edo bi.

Frantziako Gobernuak, berriz, hartzei paratu dizkie geolokalizagailuak. Aparatu horiek hartzen kokaleku zehatza ematen du egunean behin, eta, Nafarroako eremuan sartzen direnean, abisua ematen diete inguruko abeltzainei, SMS bidez. 120 abeltzain daude alerta zerbitzu horretan alta emanda. Kontseilariaren arabera, zaintza sistemak indartuko dituzte datozen hilabeteetan. Artzakurrak ere eman dizkiete abeltzainei, urtebeteko bazka ordainduta eta albaitaritza zerbitzua doan eskainita, eta, azkenik, bederatzi hesi elektrifikatu ezarri dituzte Zaraitzu eta Erronkari artean, baina, kontseilariaren arabera, hartzek ez dituzte behin ere zeharkatu.

2020an ezarriko dituzten neurrien artean, bi neurri «esperimental» nabarmendu ditu Gomezek: batetik, «harraparien aurkako lepokoak» jarriko dizkiete ardiei; bestetik, «hesi birtuala» ere jarri nahi dute: animalia batek hesia zeharkatzean, SMS bidezko abisua bidali eta foku bat piztuko da automatikoki.

Navarra Suma: «Borrokatuko gara hartzak hemen agertu ez daitezen»

Taldeen txandan, Navarra Suma koalizioko eledun Miguel Bujandak kritika ugari egin zizkien, Nafarroako Gobernuari ez ezik, Frantziako Gobernuari, Europako Batasunari eta «kalekumeen burokraziari» ere. «Ezin dira bi hartz eme Pirinioan sartu inongo kontsentsurik gabe, galdetu gabe, gaia inguruko bailarekin landu gabe... Badakit oraingo honetan errua ez dela Nafarroako Gobernuarena. Frantzia da erruduna, eta Europako Batasunaren ebazpen bat, baina lehentasuna izan beharko lukete hemengo bailarek eta herriek». Errua «Europarena» dela esan ostean, baina, parlamentari erregionalistak Maria Txibiteren gobernua jarri du jopuntuan: «Neurriak hartzen ari zarete, eta batzuekin ados nago, baina herrietako jendeari galdetu gabe hartu dituzue. Beste behin ere, kalekumeen burokraziak uste du herrietako jendeak ez dakiela non dagoen ere. Bada, gu borrokatuko gara Espainiako eta Frantziako gobernuen kontra, bi hartz horiek hemen ager ez daitezen».

PSNren izenean, Javier Lekunberri parlamentariak esan du auzia «konplexua» dela, eta gakoa dela hartzaren presentzia eta abeltzaintza bateratzea: «Hartza Pirinioan sartu behar den ala ez eztabaidatzeak ez du zentzurik. Eztabaida hori gainditua dago, hartza hemen baitago jada».

Lekunberrirekin bat egin du Geroa Baiko Pablo Azkonak ere. Haren esanetan, Pirinioko hartza «errealitate bat da, eta horretara ohitu beharko dugu». Gaineratu du Nafarroako Gobernuak ez duela eskumenik hartza kanporatzeko, «baina neurriak hartzeko ardura dauka, hartzaren presentziak bailara horietako bizimoduari kalte egin ez diezaion».

EH Bilduko bozeramaile Adolfo Araizek gogorarazi du hartzaren gainean erabakiak hartzea ez dagokiola Nafarroako Gobernuari, «ezta Espainiako Gobernuari ere». «Ezin ditugu begiak itxi eta errealitate hau existituko ez balitz bezala jardun». Ontzat jo du abeltzaintza intentsiboaren aldeko plan bat garatzea, «auzia hartzaz harago doalako».

Azkenik, Ahal Dugu-ko kide Ainhoa Aznarezek gaineratu du Europako Batasunak ezarritako ebazpenak bete beharrekoak direla, eta Nafarroako Gobernuak hartutako neurri guztiak «esparru horren barruan kokatu behar direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.