EUSKARA

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna baimentzeko eskatu dio Arartekoak Iruñeko Udalari

Kontratuak baliorik ez duela frogatuko balitz ere erantzukizuna udalarena izanen litzatekeela esan du Arartekoak, "eta ez harekin kontratua egin zuten pertsonena".

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek agerraldia egin zuten atzo Iruñean, udalak ezarritako debekua salatzeko. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2019ko azaroaren 19a
22:01
Entzun

"Interes orokorraren ikuspegitik, eta kontuan hartuta ikuskizuna haurrei zuzenduta dagoela, onuragarriena eta egokiena litzateke obraren antzezpena ahalbidetzea". Argi eta garbi esan du Javier Eneriz Nafarroako arartekoak. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Bizi dantza ikuskizunari Iruñeko Udalak jarritako debekua kentzeko eta —Nafarroako Kontseiluak auziaz eginen duen ebazpena edozein dela ere— antzezlana baimentzeko eskatu dio Enrique Maia alkateari.

Irrien Lagunek datorren asteko ostiralean zuten egitekoa ikuskizuna, Baluarten. Iruñeko Udalak bertan behera utzi zuen, ordea. Maria Garcia Barberena Kultura zinegotziaren hitzetan, ekitaldia egiteko kontratua ez zen "legezkoa", eta horregatik ezeztatu zuten ikuskizuna. Are: ustezko "irregulartasunak" aztertzea galdegin diote Nafarroako Kontseiluari. Erakunde horren ebazpena, baina, abenduan iritsiko litzateke: ikuskizuna egitekoa den eguna igarota eta kalteak atzerakorik ez duenean, alegia.

Hain zuzen, egoera hori saihestu beharko litzatekeela uste du Arartekoak. "Kontuan hartu beharko litzateke obraren antzezpena udalak haurrei zuzendutako programa baten barruan sartua dagoela (euskarazko haur programazioa), ohiko ekitaldi mota bat dela (antzezlan bat), eta haur askok ezagutzen duten artista talde bat dela protagonista (Pirritx, Porrotx eta Marimotots)".

Era berean, Enerizen irudiko, aintzat hartu beharrekoa da kontratua deuseztatzeko argudioa "formari" dagokiola, eta ez edukiari: "Deuseztasunaren eragilea, horrela ebatziz gero, udala bera izango litzateke, eta ez harekin kontratua egin duten pertsonak [...]. Enpresa kontratistak fede onez eta udalaren ekintzetan bidezko konfiantzaren printzipioaren arabera jokatuko zukeen, eta hark obraren enkarguarekin batera ezarri zizkion jarraibideak beteko lituzke".

Kontratuaren zenbatekoa, gainera, "txikia" dela nabarmendu du Arartekoak (4.000 euro); hortaz, "antzezlana egiteak, nahiz eta azken batean udalaren jarrera gailendu, ez luke eraginen kalte handirik edo konpontzeko zaila den albo kalterik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.