Hezkuntza. PISA txostena. Begoña Pedrosa. Huheziko dekanoa

«PISAko datuekin oso zaila da esatea hobetu dugun ala atzera goazen»

PISA txostenak aurten erakutsi dituen emaitzak onak direla esan du Begoña Pedrosak, baina nabarmendu du «argazki partziala» dela: besteak beste, ez dituelako neurtzen ikasleen konpetentzia guztiak.

JOSU TXINTXURRETA.
Maite Asensio Lozano.
2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Gehiegizko arreta eskaintzen zaie PISA txostenaren emaitzei, Begoña Pedrosa Huheziko dekanoaren ustez (Areatza, Bizkaia, 1975). Hamazortzi urte daramatza Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako Fakultatean lanean, eta orain sei urte hartu zuen haren gidaritza. Egunotako mezu nagusien ezkortasunetik ihes egin du: ontzat jo ditu PISAren datuak, baina erlatibizatzeko deia ere egin du.

Aurten irakurketa probaren emaitzak ez ematea adostu zuten Espainiako Gobernuak eta OCDEk, ikasle batzuek ez zutelako behar adinako zorroztasunez erantzun. Horrek adierazten du ikasleek ez dutela serio hartzen azterketa?

Niretzat ez da ezusteko handia izan, aurrez ere gertatu izan baita beste herrialde batzuetan: Herbehereetan, Erresuma Batuan, Ameriketako Estatu Batuetan... Dena den, orokorrean, PISAko emaitzak erlatibizatzearen aldekoa naiz ni: probak berak ematen digu ematen digun informazioa. Argazki bat ematen digu, eta interesgarria da, baina ez da argazki oso bat. Erantzukizunez jokatu beharko genuke, eta gizarteari adierazi emaitzak erlatibizatu behar ditugula. Izan ere, sentsazioa daukat komunikabideetatik arreta larregi eskaintzen zaiola PISAri, baina, nire ustez, interesgarriagoa litzateke arreta hori hezkuntza sisteman jartzea, horretaz eztabaidatzea, ekarpenak egitea eta eraikitzea.

Aurten 2015ekoaren kontrakoa gertatu da: EAEko emaitzak hobetu egin dira, eta Nafarroakoak, okertu. Txosten batetik besterako jauziak koiunturalak izan daitezke?

Hainbeste aldatu al dira gauzak hezkuntza sisteman? Esango nuke berdintsu jarraitzen dugula, eta, areago, PISAk emandako datuekin oso zaila dela esatea hobetu dugun ala atzerantz goazen. Irakurketa nahiko pasiboa egiten dut nik, alde horretatik. Batezbestekoan —irakurketako datuen faltan— hamalau puntu igo gara EAEn; ez dut uste horrek gauza handirik esaten digunik. Ez dut uste alarma pizteko arrazoirik dagoenik; begira ditzagun beste input batzuk. PISAk momentu jakin bateko argazki bat ematen digu, baina ebaluazioa askoz konplexuagoa da, erpin askoko eremua da: kontuan hartu behar dira sistema osoa, zentroak, ikasemaitzak... Eta hor hausnarketa sendoa egiten ari gara hezkuntza eragileon artean.

Zein dira beste input horiek?

Beste argazki batzuk baditugu inguruan; proba diagnostikoak, adibidez. Baina zentroz zentro egoera zein den ere aztertu behar da, tokian tokiko egoerari erreparatu; hau da, testuinguruaren irakurketa makrotik zein mikrotik egin behar da. Eta, bestalde, ikasleengan pentsatuta, zaindu egin beharko genuke nola irakurtzen eta kontatzen ditugun datuak: nire ustez, ikasleek harro egon beharko lukete atera diren emaitzekin, baina analisi batzuk oso negatiboak dira, eta horrek ere badauka eragina haien autoefikazian eta autoestimuan.

Iruditzen zaizu errazegi kritikatzen dela hezkuntza eremua?

Pena handiz irakurri ditut hainbat mezu. Sentsazioa daukat batzuetan irakurketa oso negatiboak egiten direla: 2015eko emaitzak jaitsi zirenez, egurra eman zen, eta, oraingoan, hobetu diren arren, egurra eman da. Baina zein da benetako hausnarketa? PISA une jakin baten argazkia baino ez dela, eta ez dituela neurtzen gure sisteman egiten diren gauza guztiak, ezta ikasleen konpetentzia guztiak ere. Interesgarria da halako argazkiak izatea, baina partzialak dira; ez diogu hainbesteko arreta jarri behar.

Dena den, datuen bilakaera historikoari begira, beheranzko joera bat ikus daiteke, batez ere, EAEn. Kezkagarria iruditzen zaizu?

Ez ditut sakon aztertu datu horiek, baina nire betaurrekoetatik beste datu batzuei ere erreparatzen diet: ekitatean oso ondo gaude EAEn, eta bikaintasunean ere ondo, baina badago hobetzeko aukera. Eta hor badago beste gai bat: ekitatea neurtzeko erabiltzen diren elementuetan antzeman daiteke ez dagoela alde handirik maila sozial baxua eta altua daukatenen artean; hori oso interesgarria da: zaindu eta elikatu beharreko datua da.

Nafarroan, berriz, oso puntuazio altuak lortu izan dituzte: 510etik gora arlo batzuetan. Hain ezberdinak al dira EAEko eta Nafarroako hezkuntza sistemak?

Nafarroan ere aritzen gara gu, eta antzeko egoera ikusten dugu; beraz, pentsatzen dut beste aldagai batzuk egongo direla. Halere, 500 puntutik behera izan arren, emaitzak onak dira: EAEn matematikan 499 puntu lortzea oso berri ona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.