Plataforma moduan jarraituko du Hamaikabatek

Kudeaketa talde baten esku geratuko da alderdia behin-behinean, zinegotzi eta alkateei laguntza emateko

Iñaki Galdos hizketan, atzoko batzarrean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Iñaki Galdos Hamaikabat alderdiko presidenteak «bukatutzat» eman du alderdiaren ibilbidea.Hala erabaki zuten atzo alderdiko kideek, Donostian eginiko ezohiko batzarrean. Galdosek azaldu duenez, plataforma «plural» bat sortzea adostu dute alderdiko kideek, «Euskal Herriak izan behar» duenaz eztabaidatzeko.

Alderdiaren izenean lanean ari diren zinegotzi eta alkateei «laguntza» emateko, alderdia behin-behinean kudeaketa talde baten esku uztea erabaki dute aho batez. Hori dela eta, Galdosek adierazi du alderdiak bere izaera juridikoarekin jarraituko duela «hautetsi horiei laguntza emateko». Kudeaketa taldea alderdiko hautetsiek osatuko dute, alderdia «antolatzeko», eta alderdikideen babesa izango duela azaldu du Galdosek.

Behin alderdiaren bilakaera prozesua martxan jartzen denean, Hamaikabateko militante eta karguak beste alderdi batera igarotzeko aukera ez duela ikusten adierazi du Galdosek: «Inork ez du asmorik beste alderdi baterako bidaia hasteko». Momentu honetan «batuta» segitzeko asmoa dutela azaldu du Hamaikabateko presidenteak.

Maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan lortutako emaitzen ondorio da alderdiaren oraingo egoera. Izan ere, udal hauteskundeetan 9.270 boto eta hamabi zinegotzi lortu zituen Hamaikabatek Gipuzkoan, eta gainerako herrialdeetan ez zuen aurkeztu zerrendarik. EAko kide batzuek alderdia utzi, eta Hamaikabat sortu zuten 2010. urtearen hasieran.

Gogoetak etorkizunera begira

«Abertzaletasun historikoaren egoerak» kezkatu egiten du Galdos. Horregatik, horren inguruko «gogoeta» egin nahi du, baita «Euskal Herriak etorkizunean izan behar duenaren inguruan» ere. Hamaikabateko kideek politikan jarraitu nahi dutela azaldu du Galdosek, baina ulertzen dutela gizarteak «beste era bateko pausoak ematera» behartu dituela.

Galdosek adierazi duenez, Hamaikabateko kideek uste dute«abertzaletasunaren ideiek eta politikagintzaren inguruko proposamenek molde berriko langune» bat behar dutela, «gizarte osora iristeko, eta, bereziki, abertzaletasunaren esparruan oihartzuna izateko».

Langune hori, «ildo historikoko eta erakundeetarako abertzaleen arteko elkarlana bultzatzen saiatuko da ekimen guztietan, abertzaletasun integratzailea, herrigintzan oinarritua, balio humanistei sendo atxikia eta gizartearen aurrerapenarekin konprometitua aldarrikatzen duten abertzale guztien artekoa», Galdosek azaldu duenez.

Alderdiko militantziak onartu duen txostenari dagokionez, berriz, Hamaikabateko presidenteak adierazi du hasiera batean alderdia fundazio bihurtzeko asmoa izan bazuten ere «apustu konkreturik ez egitea» erabaki dutela alderdiak hemendik aurrera izango duen bilakaera prozesuan. Hala, «batzorde bultzatzaile baten esku» utziko dute alderdia, «formula juridikoak erabaki daitezen etorkizunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.