pobrezia

Pobreziaren aurka mobilizatzera deitu du Gune plataformak

Urriaren 17an Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean biltzeko deia egin dute, eta azaroaren 7an Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean.

Gune plataformaren agerraldia. ARGAZKI PRESS
2014ko urriaren 15a
08:22
Entzun

Gune plataforma osatzen duten sindikatu eta gizarte arloko erakundek gogora ekarri dute Hego Euskal Herriko langabezia —%16— Europako Batasuneko batez bestekoa baino "sei puntu handiagoa" dela. Gaineratu dute lanik gabe dagoen jendearen erdiak baino gehiagok ez duela langabezia saririk jasotzen. "Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gizarte laguntzak moztu egin dituzte, eta hainbat kolektibo inolako babesik gabe utzi dituzte". Horrekin batera, pobrezia maila "azken 25 urteetako handienetakoa" dela salatu dute.

"Prekarietatea, pobrezia, babes gabezia, zalantza, eskubide murriztuak, aldi baterako enplegua, migrazio derrigortuak... Osagai horiek esplotazioaren gainean eraikitako sistema ekonomiko bidegabe bat taxutzen dute. Esplotazioa eta desberdintasunaren biktima nagusia emakumea da", adierazi dute.

Otsaila eta martxoan egin zuen Gunek pobreziaren eta prekarietatearen aurkako kanpaina bat, eta orain berriz helduko dio. Plataformak egindako eskarien artean daude gutxieneko soldata hobetzea, langabezia sari "duina", diru sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa gehitzea, gizarte laguntzak jasotzeko aukera aitortzea murrizketen ondorioz baztertuta geratu diren kolektibo guztiei eta aurrekontuak handitzea zerbitzu publiko "unibertsal eta kalitatezkoak" bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.