Herrialde garatuenetan ere pobreziak «haur aurpegia» duela salatu du Unicefek. Hala gertatzen da Hego Euskal Herrian ere; krisia gogor jotzen ari da etxe askotan, baina nabarmen ume txikiak dituzten guraso gazteen etxeetan. Eurostaten azken datuen arabera, 2010etik hona gora egin du pobretasunaren mugaren azpitik bizi diren umeen kopuruak Hego Euskal Herrian, Galizian, Herrialde Katalanetan eta Espainian. 2010ean baino 10.000 ume gehiago bizi dira pobreziaren mugaren azpitik; orotara, 2.267.000 haur, Unicefen arabera. Hego Euskal Herriari dagozkion azken datuak 2010ekoak dira; horien arabera, 17 urtera bitarteko ehun umetik 21 zeuden pobrezia arriskuan Nafarroan, eta 20 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Espainako Estatistika Instituarenak dira datu horiek. Harrezkero, gainera, familien egoera ekonomikoak okerrera egin du; besteak beste, langabezia tasak gora egin du eta gobernuen neurri ekonomikoek zenbait zerbitzuren aurrekontuak jaitsi dituzte.
Lehen aldiz pobrezia neurgailuen historian, haurren pobrezia tasa eta pobrezia arriskuan dauden haurrena altuagoak dira helduenekin alderatuz gero. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, biztanleen %4,1 pobre bizi dira, eta %15 pobrezia arriskuan, Zero Pobrezia elkarteak herenegun emandako datuen arabera. Hala izanik, 65 urtetik gorako helduen taldea kontuan hartuta ere, haurren taldea da guztien artean pobreena. «Azken talde horretan asko jaitsi dira indize horiek. Ez 65 urtetik gorakoak aberatsagoak direlako, baizik eta diru sarrera maila mantentzea lortu dutelako, lan egiteko adinean dauden pertsonek eta umeek ez bezala», azaldu du Gabriel Gonzalez Buenok, Unicefeko Haur Politiken arduradunak.
«Politikariei eta gizarteari dei egiten diegu, haurrekin gertatzen ari dena oso arriskutsua eta larria delako; haiek babesteko neurriak hartu behar dira». Izan ere, Gonzalez Buenok ohartarazi duen bezala, egoera oso eragin kaltegarriak izaten ari da umeen bizitzan, baina etorkizunean ere kalteak ekarriko dizkie, bai umeei, bai gizarte osoari. Hori dela eta, pertsonen ongizatea eta, bereziki, umeen ongizatea «politikaren erdigunean» jartzeko garaia heldu dela iritzi dio.
Krisi ekonomikoak eragindako langabezia tasak, soldata murrizketak, diru laguntzen gutxitzeak eta zergak igotzeak eragin zuzena izan dute haurren pobrezia tasaren igoeran. «Beste erakundeek egindako ikerketengatik, jakin badakigu batez ere ume txikiak dituzten guraso gazteei eragiten diela», argitu du Gonzalez Buenok. Familien ekonomiaren kaskartzea umeen elikaduran eragiten ari da; baina, horrekin batera, familia askok ezin dute ordaindu, besteak beste, ez eskolako materiala, ez jantokia, ezta arropaere.
Pobrezia ezkutua
Baina, fisikoez gain, eragin psikologikoak eta sozialak ere nabarmenak dira. Eragin horietako asko «ezkutuan» geratzen direla uste du Unicefeko ordezkariak. Hain zuzen ere, familiaren eremu intimoan geratzen dira gehienetan. «Hala ere, existitzen den pobrezia mota bat da, eta familietan min handia sortzen ari da».
Besteak beste, familia barruko komunikazioan arazoak sor daitezke; halaber, umeak gurasoen estresaz ohartu eta estresatu egiten dira haiek ere; frustrazioa ere sentitzen dute: «Pobretasuna mugatze materiala izateaz gain, mentala ere bada. Eta horrek eragotzi egiten du haurren oinarrizko eskubideetako bat bete ahal izatea: hain zuzen ere, beren potentzialtasun guztia garatzeko aukera izatea», zehaztu du Gonzalez Buenok.
Orainaldia «kezkagarria» izanik, etorkizuna ere halakoa da, Unicefeko ordezkariaren iritziz. Izan ere, pobreziak eragina izango du umeen garapen sozioafektiboan eta baita haien hezkuntzan ere: «Haurren pobrezia handi horren ondorio ekonomiko eta sozialak eta hezkuntza eta osasun arloetan egindako murrizketek epe ertain eta luzera eragina izango dute umeengan eta gizarte osoan. Kualifikaziorik gabeko pertsonak izango dira, beren potentzialtasuna garatzeko zailtasun handia izango dute; horrek eragina izango du etorkizuneko egoera sozialean eta baita ekonomikoan ere».
Munduan, krisia aberatsen eta txiroen arteko aldea handitzen ari da, eta horrek kohesio sozialean haustura handiagotuko duela ohartarazi du, gainera, Gonzalez Buenok: «Delinkuentzia eta bestelako gizarte jokabide txarren igoera ekar dezake».
Neurgailu «errealagoa»
Gaur egun, diru sarreren araberako neurgailua erabiltzen da «herrialde garatuenetan» pobrezia tasa neurtzeko. «Hori oso neurgailu pobrea da, ez baitu egoera zeharo islatzen», azaldu du Unicefeko Haur Politiken arduradunak.
Neurgailu horrek herrialdeko batez besteko diru sarreren %60 baino gutxiago jasotzen duten etxeak baino ez ditu sartzen pobretasunaren mugaren azpian. Hala izanik, tasak ezartzen duen baino altuagoa da pobrezia erreala, Gonzalez Buenoren esanetan. Europako Batasuna neurgailu «konplexuagoak» ezartzen ari dela zehaztu du. Adibidez, AROPE neurgailu berriak hiru gauza hartzen ditu kontuan pobrezia eta baztertze arriskua neurtzeko: batetik, langabezian dauden edo lanaldi murriztuak dituzten familiak daude; bestetik, haurren pobrezia maila dago; eta, azkenik, zerrenda jakin batean zehaztutako ondasunetara sarbiderik ez duten familiak daude. Nahikoa da baldintza horietako bat betetzea indizean sartzeko.
Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Haurren pobrezia
Pobreziaren ezkutuko seme-alabak
Hego Euskal Herrian gora egin du haurren pobrezia arriskuak: %21,7koa da Nafarroan eta %20,1ekoa EAEn
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu