Pello Urizar, Aitziber Ibaibarriaga eta Oskar Matute Bildu koalizioko ordezkariak Rodolfo Ares EAEko Herrizaingo sailburuarekin bildu ziren atzo arratsaldean, azken egunetako gertaerak azaltzeko. Koalizioak, ohar bidez, erakunde eta ordezkari politikoen arteko harremanen normaltasunaren barruan kokatu du bilera. Sailburuaren ekimenez izan dela gaineratu du. Bileran, Bilduk «polemika artifizialak» alboratzeko borondatea duela azaldu diote ordezkariek Aresi.
Era berean, «hasitako garai politiko berriekiko» konpromiso «erabatekoa» dutela berretsi diote Aresi: «Honek esan nahi du eztabaida antzuak eta interesatuak gainditzeko lan egin behar dugula». Sailburuari norabide berean urratsak egiteko konpromiso bera eskatu diote.