Oporretan egon arren Bilbotik igarotzen den bakoitzean egiteko zer edo zer baduela, hala esan du Maria del Rio Peredak (Bilbo, 1982). EH Bilduren Bilboko Udaleko bozeramailea izateaz gain, Alternatibako zuzendaritza mahaiko kide ere bada. EH Bilduk udazkenean egin zuen kongresu prozesuaren ostean, barne prozesu bat egin dute Alternatiban, oinarriak «berritzeko» eta «eguneratzeko». Irailaren 18an aurkeztuko dituzte emaitzak. Prozesuaz eta Alternatibak EH Bildu barruan dituen zereginez aritu da, baita azkenaldian Bilbon etxegabetzeekin eta kale saltzaileekin gertatutakoez ere.
Irailean aurkeztuko duzue Alternatibaren barne prozesuaren emaitza.
Bai, garrantzitsua izango da: nik esango nuke guztiontzat ilusionagarria den prozesu batean gaudela. Zuzendaritza berria aukeratu dugu, eta gure oinarrizko dokumentuak berraztertu. Badakigu politika —baita euskal politika ere— abiadura handian doala, eta, oinarriak aldatu ez arren, beharrezko da egokitzapenak egitea, erronka eta egoera berriei aurre egiteko. Prozesua 2026aren hasieran borobilduko dugu, otsail aldera.
Eta zergatik orain?
Guretzat garrantzitsua zen EH Bilduren kongresua ikustea. Kongresuaren ostean, pentsatu nahi genuen zer rol izan behar dugun, zer egin dezakegun Euskal Herriko politikan eta EH Bildu barruan gehiago eragiteko.
Zeri eman nahi diozue garrantzia?
Indarra jarriko dugu gure zuzendaritza, koordinakunde nazionala, beti gaztea izan dadin eta ukitu feminista izan dezan. Horiek dira gure bereizgarriak. Internazionalismoari ere garrantzia eman nahi diogu. Ez da koordinakundea bakarrik aldatuko, beharbada aldaketak egongo dira beste barne organoetan ere. Alternatiban asko gustatzen zaigu hiru urtean behin gure jarduna berriro aztertzea, birpentsatzea.
«[Alternatibak] gizartearen espektro jakin batean eragiten du, beti hor egon den espektro batean, eta ekarpen hori ere egiten dio EH Bilduri»
Alderdian garatuen dituzuen lan lerroak emakumeen auziari eta internazionalismoari dagozkionak dira. Bigarrenean premia izan al duzue analisia berritzeko? Mundu osoan egoera nahasia da azken urteotan.
Dudarik ez. Aldatu behar izan diren elementuen artean dago internazionalismoarena. Hala ere, azken dokumentuak irakurriz gero, orain dela zazpi urtekoak, oinarriak hor zeuden. Orduan hasi zen ikusten egoera zein zen, eta horren ondorioz zer desoreka sortzen ari ziren. Munduaren inguruan dugun ikuspegia zabaltzen saiatzen ari gara. Lehen agian harreman handiagoa izaten genuen herrialde jakin batzuekin; besteak beste, Hego Amerikakoekin, Palestinarekin eta Sahararekin. Ikuspegi internazionalista hori gehiago zabaltzen saiatzen ari gara, Europako beste herrialde batzuekin ditugun harremanetan sakonduz.
Emakumeen auziari dagokionez, fruituak eman al ditu ildo hori lantzeak?
Bai. Zorionez, azken urteetan militante berri nahiko iritsi dira, kontuan izanda zer tamaina dugun. Gainera, gehienak gazteak dira. Feminismoa garrantzitsua izan da horretarako. Azkenean, urteetan egindako lanari eta hausnarketei esker, jendeak eragiteko tresna moduan ikusten gaitu.
Alternatiba, alderdia izateaz gain, EH Bilduren parte da. Zelan ikusten duzue zeuen burua bertan?
Gu hasieratik gaude eroso EH Bildun. Hasiera-hasieratik bat egin dugu proiektuarekin, eta bat dator Alternatibak nahi zuenarekin: ezkerreko esparru zabal bat lortzea, hura sendotzea. EH Bildun aipatzen den fronte zabal hori sortzea. Iruditzen zaigu ekarpena egiten dugula, EH Bilduren barruan dauden beste alderdi guztiek bezala, eta aniztasun horretan laguntzen dugula. Alternatibak gizartearen espektro jakin batean eragiten du, beti hor egon den espektro batean, eta ekarpen hori ere egiten dio koalizioari.
Ezkerraren beste helburuetako bat da eskuin muturrari aurre egitea. Badirudi Europan indarra hartu duten diskurtsoak Euskal Herrira ere hasi direla iristen.
Egia da Euskal Herrian beste egoera batean gaudela, zorionez. Ikusten da jendeak badaukala izaera antifaxista bat nahiko barneratuta. Dena dela, arriskua badago, eta ezin gara lasai geratu, konformatu, eta ezin dugu pentsatu txertoa jarrita dugula. Alde horretatik, uste dut garrantzitsua dela alderdiok ez ezik hainbat elkartek eta eragilek egunero egiten duten lana. Esaterako, migratzaileak eta errefuxiatuak babesteko egiten duten lana. Aintzat hartzekoa da zenbat elkarte feminista daude ere. Horrekin bat egiten dugu guk ere, eta ulertzen dugu bide horretatik jarraitu behar dugula. Harro egon behar dugu oraindik ez delako heldu, baina lasaitu gabe, tentsio horri eutsiz.
«Emantzipatzeko eta bizi proiektu bat martxan jartzeko aukera zaildu egin da. Arazo hori gizarte osora zabaltzen ari da»
Bilbora etorrita, eta etxebizitzaren egoerarekin loturik, azken hilabeteetan hainbat etxegabetze salatu dituzte.
Denok dakigu etxebizitzaren arazoa oso larria dela, gizartearen oinarri-oinarrian dagoen gatazka bat dela. Gainera, bada beti aipatu izan dugun arazo bat: gazteena. Emantzipatzeko eta bizi proiektu bat martxan jartzeko aukera zaildu egin zaie. Arazo hori gizarte osora zabaltzen ari da, beste gizarte estratu batzuetara. Horri gaineratu behar zaizkio etxegabetzeen kontuekin sortzen diren arazoak. Etxegabeen tasa gero eta handiagoa da. Alternatibaren ustez, neurri indartsuak hartzeko garaia da, ez neurri kosmetikoak hartzekoa. EH Bilduren barruan ere, oinarrizko kezka bat da, eta udal guztietan lanean ari gara; Bilbon, adibidez, herritarrentzako neurri zehatzagoak proposatu ditugu.
Polizia tarteko izan den beste gertakari batzuk ere izan dira. Aste Nagusiaren atarian, hiru aldiz egin dute kaleko saltzaileen aurka, astebeteko epean.
Hausnartzeko beta eman beharko liguke: zergatik agertzen dira uda guztietan halako berriak? Atzean elementu asko daude. Segurtasunaren inguruan hitz egin behar da. Zer da seguru egotea? Zer da segurtasun pertzepzioa? Segurtasun ereduak nolakoa izan behar duen hitz egin behar da. Horretarako, ez da sentsazioetatik, bizipenetatik, emozioetatik abiatuta hausnartu behar; horrek ere azterketa zientifikoa behar du. Nik gertuko udaltzaingo bat nahi dut, hurbiltasuna helaraziko duena, herrian txertatua egongo dena. Baina horretarako zer egin behar da? Gauza asko dira landu beharrekoak.