Euskararen bilakaera, 1991-2011. Datuen azterketa

Politika «ausarten» garaia

Gazitik gehiago du gozotik baino euskararen hogei urteko bilakaerak, soziolinguisten iritziz. Halere, itxaropenerako arrazoirik ere aurkitu dute.

Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara urtero Donostian egiten den Mintzodromoa. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Bultzada berri baten beharra. Horixe nabarmendu dute soziolinguistikaren arloan diharduten bost adituk, euskararen egoeraren hogei urteko bilakaera aztertu eta gero. Eusko Jaurlaritzaren V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak aztertu dituzte BERRIArentzat herrialdez herrialde, eta, oro har, bat datoz diagnosian; egungo baldintzetan, euskarak goia jo du. Hortaz, beste neurri batzuk pentsatu eta ezarri beharko dira hizkuntz politikan, haien ustez, egun indarrean daudenak baino «ausartagoak».

ERRAMUN BAXOK

«Euskararen pizkundea egingarria da, eta egiteko bidean da Iparraldean»

Euskarak gain behera jarraitzen du Iparraldean, Erramun Baxokek nabarmendu duenez. Dena den, itxaropenerako daturik aurkitu du: euskaldun hartzaileak aintzakotzat hartuta, euskaldunak aurreko inkestan baino gehiago direla zenbaki absolututan Iparraldean. «Nolabait, gainbehera hori gelditu egin da». Beste datu bat esperantzarako: belaunaldi bakoitza aurrekoa baina euskaldunagoa da. «Euskararen transmisioan ditugu emaitza hoberenak». Horra Baxokek gogoratutakoa: bi guraso euskaldunen kasuan, seme-alaba euskaldunak %80 ziren; orain %94 dira.

Edalontzia erdi hutsa ere ikusten du Baxokek: emaitzak «tristeagoak» ikusten ditu erabileran. Iparraldean, soilik eremu afektiboan egiten dutelako euskaraz; Hegoaldean, berriz, eremuformalean nagusitzen da erabilera. Halere, euskararen pizkundea «egingarria» dela eta «egiteko bidean» dela uste du.

Hizkuntza politika «ausartago» batek zein baldintza bete beharko lituzkeen ere argi du Baxokek. Bi aipatu ditu: baliabide gehiago eta irakaskuntzaren indartzea. «Halere, ez bagara gaitasunetik erabilerara pasatzen, aitzinamendua amaituko da. Alfabetatuak ditugu, baina mintzatzerakoan hizkuntza trebeena dute erabiltzen: frantsesa eta espainola». Hortaz, funtsezkotzat du euskararen kalitateari kasu egitea, trebeena izan dadin.

XABIER ISASI

«Euskaldunek kohesio guneak topatu behar dituzte Bilbon»

Bizkaiko egoera izan du aztergai Xabier Isasik; ez da baikor. «Datuek erakusten dute euskararen erabilerak goia jo duela. Azken urteotan, ez atzera ez aurrera dago. Kezkagarria da gertatzen ari dena». Bi efektu nagusitzen dira, Isasiren ustez: udalerri erdaldunetan 30 urtean asko irabazi da euskararen alde, baina udalerri euskaldunetan euskal hiztunak galdu egin dira, eta, beraz,euskaldunak galdu dira, batez beste. Horrek «langa» jartzen dio euskararen normalizazioari.

Bilboko emaitzei erreparatu die. «Txillardegiren soziolinguistika matematikoari jarraituz, erabileraren datua ez da txarra, Bilbo baita euskaldun gehien dituen hiriburua. Euskaldunena Donostia da, baina euskaldun gehiago bizi dira Bilbon». Arazoa da «sakabanatuta» daudela. «Azukre koskor bat uretan nahasten dugunean kontzentrazio maila jakin bat behar dugu, antzeman ahal izateko; euskararekin antzera gertatzen da: gutxieneko euskaldun kopuru bat bat behar da antzemateko». Hori gertatzen ez den artean, «oso zaila» da erabilera haztea, Isasiren hitzetan. «Bilboko euskaldunei tokatu zaie biltzea, adimena zorroztea, gune berriak topatzea».

Euskarak eta euskaldunek espazio berriak eta kohesio guneak bilatu behar dituztela uste du Isasik. Politika «proaktiboak» eskatu ditu, euskara eremu berrietan agertzeko eta «diskriminazio guneetatik» ateratzeko. «Bultzada berri bat eman behar diogu denen artean euskalduntze prozesuari. Euskara bizirik bada, garaian garaiko egokitzapenak egiten jakin duelako da».

IÑAKI IURREBASO

«Euskarazko harreman sareak trinkoagoak dira Gipuzkoan»

Beste herrialdeekin alderatuz gero, egoera onena duen lurraldea da Gipuzkoa. Iñaki Iurrebaso: «Dezenteko igoera dago ezagutzan eta erabileran, eta joera ona da. Hala ere, esan behar da oraindik bide luzea dagoela egiteko, erdara nagusi delako Gipuzkoan. %50ek dakigu euskaraz, baina denek, gaztelaniaz». Herrialdearen soziologian topatu du Iurrebasok Gipuzkoaren abantaila hori: «Abiapuntua ere ezberdina zen; Gipuzkoan euskaldun gehiago zegoen duela hogei urte. Gainera, gipuzkoar euskaldunek errazago dute euskaraz egiteko, eta, beraz, normala da euskaraz gehiago egitea». Iurrebasok ere ingurua gako gisara ikusten du euskara erabileraren emaitzen atzean: «Euskaraz egiteko aukera gehiago ditugu Gipuzkoan, eta euskarazko harreman sare trinkoagoak».

Euskal Herrian, oro har, ahulgune bat gailentzen dela uste du Iurrebasok: euskarak lege babesik ez duen herrialde horietan baldintza eskasetan dagoela, eta, hortaz, lege babesa behar-beharrezkoa duela. Hark ere susmoa du euskarak goia jo duela egungo egoeran, eta uste du, «zalantzarik gabe», bultzada berri bat behar duela euskarak: «Orain arteegindako lana aitortu behar da, baina gehiago behar da:baliabide gehiago, politika ausartagoak...».

IÑAKI MARTINEZ DE LUNA

«Aurrera egiteko baldintza berriak sortu behar dira Araban»

Iñaki Martinez de Lunaren arabera, irabazitako elebidun kopurua da Araban onerako nabarmendu beharreko datua: «Hori ezinbesteko baldintza da euskara Araban berreskuratu ahal izateko». Halere, ezagutzaren baldintzei erreparatzen die; euskaldunberri horietako askok ez dute aukerarik hizkuntza praktikan jartzeko. Desoreka bat antzeman du: elebidun askok erdara hobeto dakite, eta euskarazko gaitasunean gabeziak dituzte. «Sorgin gurpila da: gaitasun faltak gutxiago erabiltzea eragiten du, eta, erabiltzen ez denez, gaitasunean ez da aurrera egiten. Hori gertatzen ari da gaur egun Araban. Ezagutza gora doa da, baina ez da erabileran hainbeste islatzen». Harreman sarearen garrantziaz ohartarazi du Martinez de Lunak. Haren esanetan, sortzen diren euskaldunberriek ez dute harremanetarako sare euskaldunik, eta horrek zaildu egiten du euskararen erabilera.

Goia jo al du euskarak? «Egungo baldintzetan, bai», Martinez de Lunaren ustez. Horregatik, pertsonen gertuko testuinguruan baldintzak aldatzearen aldekoa da. «Prozesu baten barruan jo du goia; duela 40 urte Araban ez zegoen gaur egun dagoen mailarik. Orain badaude bertsolari txapelketak ere Araban, eta hori pentsaezina zen lehen, oso euskaldun gutxi zirelako eta sakabanatuta zeudelako». Gazteengan topatu du Martinez de Lunak azterketaren alde gozoa; bertsolaritzaren adibidearekin jarraituz, Arabako bertsolariak gazte-gazteak direla goratu du, eta hori aurrera ateratzeko beharrezkoak direla antolakuntza, herrigintza eta gizartearen babesa.

Galdera ugari, erronkei aurre egiteko: «Ondoko planteamendua egin behar da: Hemen zein hizkuntzatan funtzionatuko da? Zein irizpide ezarriko ditugu? Hori esplizituki planteatubehar da; bestela, inertziaren poderioz, harreman mota batzuk erdaraz izango dira aurrerantzean ere».

ARKAITZ ZARRAGA

«Nafarroako zenbait lekutan erresistentzia kontua da euskarak bizirik irautea»

«Etsigarriak» dira datuak Nafarroan, Arkaitz Zarragaren ustez. Edalontzia «nahiko hutsik» dago. Euskarak goia jo duela uste du; neurri berriak jartzen ez badira, behintzat. Nafarroan, zehazki, zonakatzeak muga jartzen dio euskalduntzeari. «Ez baduzu euskaraz funtzionatzeko biderik, normala da jendeak euskalduntzeko joerarik ez izatea». Nafarroako zenbait zonatan «erresistentziatzat» jo du Zarragak euskarak bizirik irautea. «Euskararekiko motibazio integrazionala dugu, baina instrumentala ere beharrezkoa da, eta hor ez da gauzatzen». Oinarrizkotzat jotzen du zonakako politika gainditzea, euskararen egoerak hobera egiteko.

Zarragak uste du hizkuntza politiken azterketa sakona egin behar dela, eta neurri jakin batzukproposatu ditu: euskaltegiak lantokietara joatea, hizkuntza profilak gainditzea —«oso aldenduta dagoelako erabileratik»— eta euskaldunberriekiko jarrerak aldatzea. «Abizen hori kendu behar dugu, karga bat duelako, erabilera bultzatzen ez duena».

Bigarren Bai Euskarari baten beharra sumatzen du Zarragak. «Orain arte, elebitasunaren aldeko politika bat egin da; eman du eman behar zuena, eta, orain, Euskal Herri euskaldun baten aldeko politika bat egin behar da». Horretarako, «D ereduko politika bat» ezartzearen aldekoa da. Hor ikusten du etorkizuna Arkaitz Zarrragak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.