Ate errotak. Ivan Gimenez. Kazetaria

«Politika batzuk egitearen truke ordaina izatea da arazo larriena»

'El corralito foral' liburuaren egilearen arabera, diktaduran «botere politikoa eta ekonomikoa esku berberetan zegoen» Nafarroan. Gero, eliteek euren aldeko ordezkoak bilatu zituzten.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ivan Gimenez kazetari eta ELAko kideak (Iruñea, 1976) azken ehun urteetako Nafarroako elite politikoen eta ekonomikoen barrenak deskribatu ditu El corralito foral liburuan.

Frankismoan, Nafarroako eliteak politikaren lehen lerroan zeuden. Diputazioa euren enpresen zerbitzura al zegoen?

Francoren garaiko diputatu askoenpresaburuak ziren. Adibidez, Felix Huarte lehen lerroan zegoen, eta beste batzuk haren alboan, Ambrosio Velasco Zoco patxaranaren jabea bezala. Ez zuten arazorik legeekin euren enpresen aldeko neurriak hartzeko, diru laguntzak eta zerga pizgarriak barne. Botere politikoa eta ekonomikoa esku berberetan zegoen, bien arteko alderik gabe, izugarrizko nahasmena aprobetxatuz. Adibidez, herri jakinduriaren aburuz, diputazioaren ezizena Difonasa zen: Diputacion Foral de Navarra SA.

Nafarroan, erregimen delako konglomeratu horretan, botere politikoak zer funtzio jokatzen du gaur egun?

Diktaduraren azken boladan, enpresaburuak eta benetako boterea zutenak (Uranga, Taberna eta abar) bigarren lerrora pasatu ziren, lehen lerroan egongo ziren eta euren pribilegioak defendituko zituzten izen-mailegatzaile batzuk aurkitu zituztelako UPN-n, baina baita PSN-n ere. Orain gutxi arte. Betiko alderdi horiek botere politikoa galdu dute, eta ikusteko dago aurrerantzean elite horren mesederako tresna erabilgarria izango diren. Oso esanguratsua da Opuseko Unibertsitatearen adierazpen bat, ETBko elkarrizketa batean berriki esana: «Aurreko gobernuarekin bezala oso ongi moldatuko gara gobernu berriarekin ere». Hau da: betiko pribilegioak mantentzeko tresnak edo jokabide berriak bilatzen ari dira, denbora galdu gabe.

Zer etekin izan ditu erregimenak azken urteetan Nafarroan?

Etekin garbiena da normaltasuna, ikuspegi apolitikoa, naturaltasuna... Erregimenak zeuzkan baliabideak erabiliz klientelismo sareak indarrean jarri zituzten 1980ko hamarkadatik aurrera, printzipioz normaltasun blindatu horren kanpoan zeuden elementuak bereganatuz: UGT, CCOO, UAGN, Osasuna eta abar.

Zuretzat, ate errotek zer funtzio jokatzen dute?

Corralito foral-ean aipatzen dudan bezala, ate birakariak orain dela mende bat asmatu zituzten Nafarroan. Diario de Navarra sortu zutenean, akziodunek Nafarroako produkzioaren %80 kontrolatzen zuten. Enpresaburuez gain, diputatu, alkate eta Madrilgo prokuradoreak ere bazeuden. Egia esan, ez zuten ate birakaririk behar leku batetik bestera jauzi egiteko: leku guztietan zeudelako, jainkotxoak bezala. Gaur egungo aipatutako izen-mailegatzaile horiek ate errotenetekinak poltsikoratzen dituzte.

Non dago politikari batek bere karrera profesionala egiteko eskubidearen eta ordaindutako zerbitzuen arteko muga?

Lehenik eta behin, politikarien soldata publikoak defendatu behar dira —neurri batean, jakina—. Bestela, soilik aberatsak izango lirateke politikari; lan egin gabe bizi daitezkeenak alegia. Afera horrekin demagogia handia dago, baina politikarien soldatak ez dira gaur egungo arazorik larriena, baizik eta politika jakin batzuk egitearen truke jasotzen duten ordaina, ate birakariei esker edo komisioen, dieten eta beste bitarteko batzuen bidez.

Nafarroakoaz gain, Euskal Herrian badira erregimen gehiago?

Jakina, baina beste ezaugarri batzuk dituzte. Nafarroako eliteak 36ko gerratik eta frankismotik datoz, eta euren pribilegioak oso ondo egokitu dituzte egoera politiko berrietara. Gipuzkoan eta Bizkaian, aldiz, gaurko eliteak, neurri batean, berriagoak dira. Ez dute frankismoarekiko lotura zuzenik, baina interesen orekak eta klientelismo sareak antzekoak dira batean eta bestean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.